Asteburu erabakigarria izango da honako hau Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako ekipoentzat, biek ala biek hil ala biziko norgehiagokak jokatuko baitituzte, biak Elorrion. Goiztiarrenak neskak izango dira, amaiera faseko lehenengo kanporaketan, Durangoren kontra neurtuko baitituzte indarrak 16:00etatik aurrera. Ondoren, 18:00etan, mutilek igoera faseko finalerdietako bueltako partidua izango dute ligako txapeldun Elorrioren kontra, iragan asteburuan Mojategin jasotako porrotari buelta emateko helburuarekin.
Tamalez, orain dela astebeteko joanekoan amore eman behar izan zuten Barrutiaren mutilek Elorrioren kontra, aurreikuspenak betez, bizkaitarrak 18-35 nagusitu baitziren. Testuinguru honetan, emaitza horri buelta eman beharko dio talde arrasatearrak, hil honen amaieran jokatuko den final handirako txartela eskuratu nahi badu, behintzat.
Final horretan izango den beste taldea oraindik argi ez dago, beste kanporaketako joaneko partiduan Uni Bilbo 19-24ko emaitzarekin Faduran nagusitu bazen ere. Testuinguru honetan, momentuz Elorrio eta Uni Bilbok dena alde dute bi aste barru jokatuko den final handian izateko; kirolaren munduan, baina, dena posible da, eta pronostikoak hausten ahaleginduko dira Barrutiaren mutilak larunbat honetan.
Neskak
Esan bezala, Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako neskek ere hitzordu erabakigarria izango dute, behin liga amaituta, amaierako fasea jarriko baita martxan. Urgozo eta Elorriorekin osatutako Geurea RT-k bigarren postuan amaitu du fase erregularra eta, honenbestez, seigarren sailkatu Durango izango dute aurkari lehenengo kanporaketan.
Mutilen kasuan ez bezala, hemen kanporaketak partidu bakarrera izango dira eta, irabaziz gero, datorren asteburuan izango den finalerdian lehiatuko dute Zabalaren neskek. Bertan beste kanporaketako irabazlea izango da, Gipuzkoa Sortzen eta La Unicaren arteko neurketako irabazlea, hain justu ere. Gipuzkoarrek hirugarren postuan amaitu dute liga; nafarrek, aldiz, laugarrenean.
Final handia maiatzeko azken astebururako aurreikusita dago, eta bertan ligako talde indartsuenari egingo dio aurre finalerdietako irabazleak, Gaztediri. Gasteiztarrek ligan jokatutako 14 partiduetatik 13 irabazi dituzte, orotara 62 puntu batuz, bigarren sailkatu Geurea RT-k baino 18 gehiago.
Arana gogoan
Gainontzeko kategorietan ez da hitzordurik izango asteburu honetan baina, larunbatean, norgehiagoka berezia jokatuko da Mojategin. Izan ere, 17:00etatik aurrera, eta Musakola auzoko San Isidro jaiak direla-eta, Arrasate Errugbi Taldeko beteranoek orain direla aste batzuk zendutako Miguel Angel Arana izango dute gogoan. Horretarako, Herensugeek “oso berezi eta hunkigarria” izango den lagunartekoa jokatuko dute.