Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilei maldan gora jarri zaie igoera faserako baliagarria den kanporaketa, joaneko partiduan, zapatu honetan Mojategin jokatutakoa, galdu egin baitute. Julen Barrutiaren mutilek ligako txapeldun Elorrio hartu dute eta, aurreikuspenak betez, sailkapen faseko talderik indartsuena nagusitu egin da. Bizkaitarrak 18-35eko emaitzarekin gailendu egin dira eta, modu honetan, datorren asteburuan San Roken jokatuko den bueltako partiduan arrasatearrek markagailua irauli beharko dute igoera fasean bizirik jarraitzeko.
Zelairatu bezain pronto jarri zitzaion norgehiagoka maldan gora Kanpanzar Arrasateri, lehen minuturako 0-7 baitzen aurretik Elorrio. Zorionez, 10. minuturako markagailua iraulita zuten Barrutiaren mutilek, Ibai Portalok zutoinen artera bidaliko baloi parea -zigor kolpea eta transformazioa- eta David Klibaren entseguari esker (10-7).
Lehia bizia izan zen aurreneko 40 minutuetan zehar eta, ordu erdira heldu baino lehen, Elorrio berriro ere aurretik jarri zen arratsaldeko bigarren entsegua eginez. Etxekoen erantzuna, baina, berehala iritsi zen, Portalok berriro ere zutoinen artera bidalitako zigor kolpe berri bati esker. Bazirudien 13-14koarekin joan behar zirela atsedenaldira bi taldeak baina, lehen zatiko azken unean, Elorriok entsegu berri bat egin eta markagailuan 13-21 atzetik joan ziren aldageletara Barrutiaren mutilak.
Bigarren zatian errentari eusteko helburuarekin zelairatu ziren bisitariak, eta baita lortu ere. Aitzitik, lehen zatiko abantaila handitu egin zuten. Ordu laurdena bete baino lehen laugarren entsegua lortu eta 13-28koa igo zen markagailura. Arauzko denbora amaitzeko zazpi minuturen faltan, Oihan Irasuegiren entseguak nolabaiteko itxaropena piztu zuten zaleengan (18-28) baina, azken txanpan Elorriok lortutako entseguak, amaierako 18-35ekoa ezarri zuen markagailuan, kanporaketa Kanpanzar Arrasaterentzat maldan gora utziz.
Partiduaren bideoa: Elorrio R.T.
Neskak bigarren postuan
Arrasate Errugbi Taldeko neskek bigarren postuan amaitu dute sailkapen fasea, zapatuan, ligako azken partiduan, Faduran 20-29ko emaitzarekin nagusitu eta gero. Elorrio eta Urgozorekin batera osatutako Geurea RT-k Getxori egin zion bisita azken jardunaldiaren baitan kokatutako norgehiagokan eta, zorionez, bigarren postuan amaitzeko baliagarria izan den garaipena erdietsi zuten.
Bosgarren minuturako bisitariak 5-7 ziren aurretik, hirugarren minutuan Getxok lortutako entseguari buelta emanez, Haizea Zabalaren entsegua eta Ane Rinconen transformazioari esker. Ordu laurdenerako etxekoak berriro ere aurretik jarri ziren (10-7), baina konbinatu euskaldunaren erantzuna berehala iritsi zen, partidu hasierako bi protagonista berdinekin. Tamalez, hiru minutu beranduago getxoztarren kolpe berri bat iritsi zen, 15-14koa ezarriz.
Etxekoek errentari eutsi zioten lehen zatiko ordu erdia bete arte eta, arratsaldeko laugarren entsegua egina, Getxok berriro ere abantaila handitu zuten (20-14). Zorionez, oraingoan ere Geurea RT-ko erantzuna berehala iritsi zen, June Iglesiasen eta Jone Ugaldearen entsegu banarekin. Gauzak horrela, 20-24ko errentarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.
Bigarren zatia hasi bezain pronto, bosgarren minutuan, Iglesiasek berak bisitarien errenta handitu egin zuen bere kontu pertsonaleko bigarren entsegua lortuta (20-29). Hortik aurrera Zabalaren neskek errenta eusteari ekin zioten, eta baita lortu ere, epaileak norgehiagokako amaiera adierazi arte markagailua ez baitzen gehiago mugitu.
Gauzak horrela, Geurea RT-k liga bigarren postuan amaitzeko baliagarria den garaipena ekarri dute Faduratik. Jokatutako 18 jardunaldietan konbinatu euskaldunak bederatzi garaipen eskuratu ditu, orotara 44 puntu batuz, Gaztedi liderrak baino 18 gutxiago. Datorren astetik aurrera ligako amaierako fasea jarriko da martxan, partidu bakarrera jokatuko diren kanporaketekin, aurrenekoak final laurdenak.