Arrasate Errugbi Taldeko neskek bigarren postuan amaitu dute sailkapen fasea, zapatuan, ligako azken partiduan, Faduran 20-29ko emaitzarekin nagusitu eta gero. Elorrio eta Urgozorekin batera osatutako Geurea RT-k Getxori egin zion bisita azken jardunaldiaren baitan kokatutako norgehiagokan eta, zorionez, bigarren postuan amaitzeko baliagarria izan den garaipena erdietsi zuten.
Bosgarren minuturako bisitariak 5-7 ziren aurretik, hirugarren minutuan Getxok lortutako entseguari buelta emanez, Haizea Zabalaren entsegua eta Ane Rinconen transformazioari esker. Ordu laurdenerako etxekoak berriro ere aurretik jarri ziren (10-7), baina konbinatu euskaldunaren erantzuna berehala iritsi zen, partidu hasierako bi protagonista berdinekin. Tamalez, hiru minutu beranduago getxoztarren kolpe berri bat iritsi zen, 15-14koa ezarriz.
Etxekoek errentari eutsi zioten lehen zatiko ordu erdia bete arte eta, arratsaldeko laugarren entsegua egina, Getxok berriro ere abantaila handitu zuten (20-14). Zorionez, oraingoan ere Geurea RT-ko erantzuna berehala iritsi zen, June Iglesiasen eta Jone Ugaldearen entsegu banarekin. Gauzak horrela, 20-24ko errentarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.
Bigarren zatia hasi bezain pronto, bosgarren minutuan, Iglesiasek berak bisitarien errenta handitu egin zuen bere kontu pertsonaleko bigarren entsegua lortuta (20-29). Hortik aurrera Zabalaren neskek errenta eusteari ekin zioten, eta baita lortu ere, epaileak norgehiagokako amaiera adierazi arte markagailua ez baitzen gehiago mugitu.
Gauzak horrela, Geurea RT-k liga bigarren postuan amaitzeko baliagarria den garaipena ekarri dute Faduratik. Jokatutako 18 jardunaldietan konbinatu euskaldunak bederatzi garaipen eskuratu ditu, orotara 44 puntu batuz, Gaztedi liderrak baino 18 gutxiago. Datorren astetik aurrera ligako amaierako fasea jarriko da martxan, partidu bakarrera jokatuko diren kanporaketekin, aurrenekoak final laurdenak.