Igoera faseko kanporaketako joaneko partidua Mojategin jokatuko da larunbat honetan

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2026ko maiatzaren 7a

Julen Barrutiaren mutilek ligako txapeldun Elorriori egingo diote aurre, arratsaldeko 16:30eatik aurrera. Neskek etxetik kanpo jokatuko dute sailkapen faseko azken jardunaldian.

Astebeteko etenaldiaren ostean Euskal Ligak berriro ere jarriko dira martxan asteburu honetan, senior mailako gizonezkoen kasuan, igoerako faseko kanporaketako joaneko partiduekin. Eta honen baitan, Kanpanzar Arrasatek zaleen aurrean jokatuko du, Elorriok bisitatuko baitu Mojategin zapatuan. Ligako txapeldunaren kontrako kanporaketa 16:30ean hasiko da eta, bertan, Julen Barrutiaren mutilek Bizkaia aldera nolabaiteko abantailarekin joatea bilatuko dute.

Erronka zaila izango da honako hau talde zuri-morearentzat, laugarren postuan sailkatu eta gero, sailkapen faseko talderik indartsuena izango baitu aurrean finalerdietan. Jokatutako 18 partiduetatik bakarra galdu dute bizkaitarrek, lortutako 16 garaipen eta beste berdinketa batekin orotara 82 puntu batu dituztela, bigarren sailkatu Uni Bilbok baino 24 gehiago.

Bilbotarren atzetik Getxo eta Kanpanzar Arrasatek amaitu dute 56na puntura berdinduta, hirugarren eta laugarren postuetan, hurrenez hurren. Barrutiaren mutilek 12 garaipen erdietsi dituzte, eta sailkapen faseko azken txanpan izandako estropezuek ez diote ahalbidetu bigarren postuan amaitzea. Gauzak horrela, eta aurretik aipatu bezala, arrasatearrek aurkaririk gogorrena izango dute aurrean finalerdietan. Beste kanporaketan, Uni Bilbo eta Getxo izango dira aurrez aurre.

Neskak Fadurara

Senior mailako nesken kasuan, Elorrio eta Urgozorekin osatutako Geurea RT-k sailkapen faseko azken partidua jokatuko du. Joseba Zabalak zuzendutako taldeak etxetik kanpo agurtuko du liga, azken jardunaldiaren baitan Getxori egingo baitio bisita. Mutilen kasuan bezala, hemen ere hitzordua zapatu arratsaldean izango da, baina 15:00etan hasita, Faduran.

Konbinatu euskaldunak dena alde du liga bigarren postuan amaitzeko, horretarako ezinbestekoa izango dela Faduratik garaipena ekartzea. Kontrako kasuan, jarraitzaile gertukoen hanka-sartzearen zain egongo beharko bailirateke. Aurrean edukiko duten aurkaria multzoko ahulenetarikoa da, 24 punturekin azken hirugarrena baita Getxo. Bizkaitarrek lau garaipen eta berdinketa bat erdietsi dituzte orain arte jokatutako 13 partiduetan, zortzi norgehiagoketan amore eman behar izan dutela. Datu hauei erreparatuz, faborito gisa zelairatuko da Faduran Geurea RT.

Esan bezala, Zabalaren neskak bigarrenak dira sailkapenean 44 punturekin, Gaztedi liderretik 18ra. Atzetik Gipuzkoa Sortzen eta La Unica daude 43 eta 41 punturekin, hurrenez hurren; eta koska bat beherako, bosgarren eta seigarren postuan, Uni Bilbo (37) eta Durango (29). Jardunaldi honen ostean, amaierako fasea jarriko da martxan datorren asteburuan, amaierako sailkapenaren arabera jokatuko diren final laurdenekin. Kanporaketa guztiak partidu bakarrera izango dira eta, finala, hilaren 30ean jokatuko da Zarautzeko Asti errugbi zelaian.

Geurea RT-ko neskak

II. Errugbi Txapelketa Herrikoia

Iazko arrakastaren ostean, aurten ere Arrasate Errugbi Taldeak txapelketa herrikoia antolatuko duela iragarri du. Pasa den urtean bezala, egitasmoa Garagardo Azokaren egitarauaren baitan burutuko da eta, oraingo honetan, ekainaren 6an izango da, arratsalde partean Mojategin. Gogoratu beharra dago txapelketa hau kontakturik gabekoa dela, hortaz, edozeinek eman dezake izena. “Errugbiaz ez jakitea ez da garrantzitsua, guztiok ulertzeko moduko lehiaketa baita, horregatik, garrantzitsuenak zuek eta zuen ingurukoak zarete”, azpimarratzen dute klub zuri-moretik.

Txapelketan izena emateko epea zabalik dago jada eta, horretarako, galdetegia jarri du Arrasate Errugbi Taldeak interesatuen eskuetara, ondorengo loturan eta QR kode baten bitartez eskuragarri dagoena ere. Izen-ematearen prezioa 8 eurokoa da eta, horren baitan, egitasmoaren kamiseta eta hirugarren denbora daude, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak