Iazko arrakastaren ostean, aurten ere Arrasate Errugbi Taldeak txapelketa herrikoia antolatuko duela iragarri du. Pasa den urtean bezala, egitasmoa Garagardo Azokaren egitarauaren baitan burutuko da eta, oraingo honetan, ekainaren 6an izango da, arratsalde partean Mojategin. Gogoratu beharra dago txapelketa hau kontakturik gabekoa dela, hortaz, edozeinek eman dezake izena. “Errugbiaz ez jakitea ez da garrantzitsua, guztiok ulertzeko moduko lehiaketa baita, horregatik, garrantzitsuenak zuek eta zuen ingurukoak zarete”, azpimarratzen dute klub zuri-moretik.
Txapelketan izena emateko epea zabalik dago jada eta, horretarako, galdetegia jarri du Arrasate Errugbi Taldeak interesatuen eskuetara, ondorengo loturan eta QR kode baten bitartez eskuragarri dagoena ere. Izen-ematearen prezioa 8 eurokoa da eta, horren baitan, egitasmoaren kamiseta eta hirugarren denbora daude, besteak beste.