Asteburu honetan Emakumezkoen Euskal Ligako sailkapen faseko azkenaurreko jardunaldia jokatuko da eta, honen baitan, Geurea RT-k etxean jokatuko du, kasu honetan Zornotzako Larrea kiroldegia. Arrasate Errugbi Taldeko neskek Urgozo eta Elorriorekin osatutako konbinatuak Durangoren kontra neurtuko ditu indarrak zapatu arratsaldean, 16:30ean hasita, eta bertan egungo bigarren postua sendotzea bilatuko du.
Jokatutako 14 partiduetatik 10 irabazita, Joseba Zabalak zuzendutako taldeak 49 puntu poltsikoratu ditu orain arte, Gaztedi liderretik 13 puntura dagoela. Atzetik, La Unica eta Gipuzkoa Sortzen ditu jarraitzailerik gertukoen, 46 eta 43 punturekin, hurrenez hurren. Zertxobait beherako, bosgarren postuan, Uni Bilbo dago 39rekin.
Konbinatu euskaldunak asteburu honetan aurrean edukiko duen aurkariarekin topo egiteko zertxobait beherago jo behar dugu sailkapenean, zazpigarren postuan baita Durango 29 punturekin, Loratzen 12 taldearekin berdinduta. Aurreko bi partiduak irabazi eta gero, iragan asteburuan bizkaitarrek berriro ere amore eman behar izan zuten, La Unicak puntuak eraman baitzituen Arripausuetatik.
Gauzak horrela, eta orain arteko erregistroei erreparatuz, faborito izango da zapatu arratsaldeko hitzordurako Geurea RT. Esan bezala, asteburu honetako sailkapen faseko azkenaurreko partidua izango da, azkenengoa maiatzaren 10eko asteburuan jokatuko baitute, Loratzen 12 taldearen zelaian. Bigarren postuari eusteko, gutxienez bi hitzordu hauetako bat irabazi beharko dute Zabalaren neskek.
Mutilak igoera fasearen zain
Gizonezkoen Euskal Ligako 1. mailako sailkapen fasearen azken jardunaldia jokatu zen pasa den asteburuan eta, azken partiduan Elorrion galdu eta gero, Kanpanzar Arrasate behinik behin hirugarren postuan da. Izan ere, egungo laugarren sailkatu Getxok oraindik jokatzeke dauka Atletiko San Sebastianen kontrako neurketa eta, bertan nagusitu eta bonus puntua lortuko balu, talde arrasatearra aurreratuko luke sailkapenean.
Kasu horretan, laugarren sailkatu gisa, Kanpanzar Arrasatek egungo lehen sailkatua izango luke aurkari igoera fasean, hau da, txapeldun izan eta gero zuzenean kategoriaz igotzeari uko egin dion Elorrio. Izan ere, Ohorezko B mailan jokatzeko Espainiako Errugbi Federazioak hainbat betebehar ezartzen ditu, eta talde bizkaitarrak ez ditu betetzen.
Gauzak horrela, Elorriok playoffa jokatuko du bere atzetik sailkatu diren beste hiru taldeen kontra: Uni Bilbo, Kanpanzar Arrasate eta Getxo. Kanporaketak maiatzak 9 eta 16ko asteburuetan jokatuko dira, bueltako partiduak 1. eta 2. sailkatuen etxean jokatuko direla, hau da, Elorrio eta Uni Bilboren zelaietan. Honenbestez, gauza ziur bakarra da Barrutiaren mutilek bueltako partidua etxetik kanpo jokatuko dutela, San Roken edo El Fangon. Getxok aurretik aipatutako bonus puntua lortuko ez balu Atletiko San Sebastianen kontra, Uni Bilbo izango zen Kanpanzar Arrasateren aurkaria playoffean.
Kartelera
18 eta 16 urtez azpikoek ere hitzordua izango dute zapatuan: Lehenengoek Gipuzkoa Sortzeni egingo diote bisita, eguerdiko 13:30eatik aurrera; bigarrenek, berriz, Uribealdea hartuko dute Mojategin goizeko 11:00etan. 14 urtez azpikoek atsedenaldi jardunaldia izango dute eta, igandean, Errugbi Eskolako neska-mutikoek Oreretan izango den topaketan hartuko dute parte. Azkenik, ohi bezala, inklusiboko taldeak asteroko entrenamendu saioa burutuko du Mojategin, goizeko 10:30ean.