Gizonezkoen Euskal Ligako 1. mailako sailkapen fasearen azken jardunaldia jokatu da asteburu honetan eta, azken partiduan Elorrion galdu eta gero, Kanpanzar Arrasate behinik behin hirugarren postuan da. Izan ere, egungo laugarren sailkatu Getxok oraindik jokatzeke dauka Atletiko San Sebastianen kontrako neurketa eta, bertan nagusitu eta bonus puntua lortuko balu, talde arrasatearra aurreratuko luke sailkapenean.
Kasu horretan, laugarren sailkatu gisa, Kanpanzar Arrasatek egungo lehen sailkatua izango luke aurkari igoera fasean, hau da, txapeldun izan eta gero zuzenean kategoriaz igotzeari uko egin dion Elorrio. Izan ere, Ohorezko B mailan jokatzeko Espainiako Errugbi Federazioak hainbat betebehar ezartzen ditu, eta talde bizkaitarrak ez ditu betetzen.
Gauzak horrela, Elorriok playoffa jokatuko du bere atzetik sailkatu diren beste hiru taldeen kontra: Uni Bilbo, Kanpanzar Arrasate eta Getxo. Kanporaketak maiatzak 9 eta 16ko asteburuetan jokatuko dira, bueltako partiduak 1. eta 2. sailkatuen etxean jokatuko direla, hau da, Elorrio eta Uni Bilboren zelaietan. Honenbestez, gauza ziur bakarra da Barrutiaren mutilek bueltako partidua etxetik kanpo jokatuko dutela, San Roken edo El Fangon. Getxok aurretik aipatutako bonus puntua lortuko ez balu Atletiko San Sebastianen kontra, Uni Bilbo izango zen Kanpanzar Arrasateren aurkaria playoffean.
Porrota Elorrion
Esan bezala, porrota jaso zuen zapatuan Julen Barrutiak zuzendutako taldeak Elorrion. Partidua ez zen ondo hasi talde zuri-morearentzat, bosgarren minuturako jada 7-0 baitzen atzetik. Zorionez, bisitarien susperraldian berehalakoa izan zen, eta atsedenaldira 7-17 joan ziren aurretik, Andoni Narbaiza eta Ismail Ghauzouaneren entseguak eta Ibai Portaloren bi transformazio eta zutoinen artera bidalitako zigor kolpeari esker.
Bigarren zatiaren hasieran Barrutiaren mutilak gai izan ziren errentari eusteko baina, 10. minutuan epaileak euren kontra adierazitako zigor entseguaren ostean, gainbehera etorri zen. Hori gutxi balitz, Andoni Narbaizak eta Joseba Santa Cristinak behinik behin zelaia utzi behar izan zuten txartel horia ikusita, eta inertzia horri etekin ezin hobea atera zion Elorriok. Bizkaitarrek beste lau entsegu lortu zituzten, azkenean 40-17 nagusituz.
Nesken garaipena
Mutilek ez bezala, senior mailako neskek garaipena erdietsi zuten, kasu honetan San Roken, Gipuzkoa Sortzen aurkari izan zutela. Konbinatu euskalduna ordu laurdenerako 15-0 zen aurretik, Maia Guridi, Aizea Blanco eta Aiora Agirregomezkortaren entseguei esker. Atsedenaldira joan aurretik, baina, bisitariek bi entsegu egin eta, modu honetan, 15-10eko emaitzarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek.
Bigarren zatia ez zen ondo hasi Geurea RT-rentzat, zutoinen artera bidalitako zigor kolpe baten bitartez Gipuzkoa Sortzenek markagailua oraindik gehiago estutu baitzuen (15-13). Zorionez, kolpe horrek konbinatu euskalduna suspertu egin zuen eta, Jone Ugaldea eta Maia Guridiren entseguen bitartez, 27-13 nagusitu zen.
Pirolitikak
Asteburuko beste protagonistak Pirolitikak izan dira, Valladoliden izandako Intercatia Fest delako txapelketan hartu baitute parte, non 35 urtetik gorako 500 emakumetik gora bildu diren 19 taldetan banatuta. Arrasate Errugbi Taldeko amek lan bikaina egin zuten eta, jokatutako hiru partiduak irabazi eta gero, bederatzigarren postuan sailkatu ziren.