Elorrion agurtuko du sailkapen fasea Kanpanzar Arrasatek

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2026ko apirilaren 15a

Bigarren postuari eusteko helburuarekin, Julen Barrutiaren mutilek San Roken jokatuko dute zapatuan, 18:00etatik aurrera. Neskak etxean arituko dira, zelai berean, baino 16:30ean Gipuzkoa Sortzenen kontra.

Aste Santuko etenaldiaren ostean baloia berriro ere martxan jarriko da senior mailako Euskal Ligetan asteburu honetan eta, sailkapen faseko azken jardunaldiaren baitan, Arrasate Errugbi Taldeko mutilek kategoriako liderrari egingo diote bisita. Julen Barrutiak zuzendutako taldeak Elorriori egingo dio bisita zapatuan eta, 18:00etatik aurrera, egungo bigarren postuari eustea bilatuko du.

Ez du erronka makala izango Arrasteko taldeak, San Rokekoek txapela kentzeko moduko sailkapen fasea egin baitute eta, horregatik, kategoriako liderrak dira bigarren sailkatuarekiko 19 puntuko errentarekin. Bizkaitarrek partidu bakarra galdu dute orain arte jokatutako 17 jardunaldietan, orotara 77 puntu batu dituztela.

Igoera fasea jokatuta bermatuta baldin badauka ere, esan bezala, bigarren postuari eustea da Kanpanzar Arrasateren erronka. Bi partidu jarraian galdu eta gero, azken jardunaldian garaipenaren bidera itzuli ziren Barrutiaren mutilak, Errioxa Mojategin mendean hartuta. Momentuz, jakin badakigu sarrailagileekin batera Uni Bilbo, Getxo, eta Baztan izango direla igoeragatik borrokatzen; jakin ez dakiguna, baina, zeinen zeinen kontra arituko den. Eta hori erabakitzeko, hain justu ere, amaierako sailkapena edukitzen da kontuan.

Jardunaldi bakarraren faltan, gauza ziur bakarra da Baztan bosgarren izango dela; beste hiru postuen kasuan, dena erabakitzeke dago. Izan ere, bost puntuko tartean arrasatearrak (56), bilbotarrak (53) eta getxoztarrak (51) daude. Lehenengoek liderrari egingo diote bisita azken jardunaldiaren baitan, bigarrenek Gipuzkoa Sortzen izango dute bisitari eta, azkenek, Atletiko San Sebastian hartuko dute Faduran.

Neskak ere San Roken

Mutilek bezala, ART-ko neskak ere San Roken arituko dira, baina kasu honetan bertako gisa. Izan ere, zapatuan, 16:30atik aurrera, Elorrio eta Urgozorekin batera osatutako Geurea RT-k Gipuzkoa Sortzen hartuko du etxean. 16. jardunaldiaren baitan kokatzen da konbinatu euskalduna eta donostiarren arteko norgehiagoka hau, sailkapen fasea amaitzeko azken hirugarren jardunaldikoa, hain justu ere.

Kategoriako sailkapen burua pil-pilean dago, Gaztedi liderra dela 62 punturekin. Geurea RT eta La Unicaren artean bi puntuko aldea baino ez dago, bigarren eta laugarren sailkatuak direla 44 eta 41 punturekin, hurrenez hurren. Bi taldeen artean, hirugarren postuan, Gipuzkoa Sortzen dago 43rekin eta, bosgarren postuan, Uni Bilbo 37rekin.

Neurketa honen ostean beste bi izango ditu konbinatu euskaldunak aurretik sailkapen fasea amaitu bitartean: azkenaurreko jardunaldian Durangok bisitatuko du San Roke eta, azkenengoan, Loratzen 12 taldeari egingo diote bisita Joseba Zabalaren neskek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak