Asteburu gazi-gozoa izan da Arrasate Errugbi Taldearentzat, klub zuri-moreko senior mailako ekipoek txanponaren bi aldeak pairatu baitituzte. Alderik negatiboena Geurea RT-ko neskentzat izan da, La Unicaren zelaian jokatutako partiduan nafarrak 20-12ko emaitzarekin nagusitu baitziren. Aitzitik, Kanpanzar Arrasateko mutilek garaipena erdietsi dute igande honetan, Errioxaren kontra Mojategin jokatutako neurketan 36-24 nagusituta.
Garaipena erdietsi arren, uste baino zailtasun gehiago izan dituzte Barrutiaren mutilek gaurkoan eta, horren adierazgarri, partidu hasiera, 10. minuturako 0-6 baitziren atzetik bisitariek zutoinen artera bidalitako bi zigor kolpeei esker. Dolararen entsegu batek, Oihan Irasuegiren transformazioarekin, 7-6 jarri du aurretik etxeko taldea baina, jarraian, errioxarrek zigor kolpe berri bat zutoinen artera bidali dute, berriro ere aurrea hartuz (7-9).
Zorionez, atsedenaldira joan aurretik Barrutiaren mutilek beste hiru entsegu egin dituzte, Iraitz Arriaran, Unai Suinaga eta Irasuegi beraren eskutik. Hiru tanto horiek abantaila erosoa eman diote talde zuri-moreari, eta 22-9ko errentarekin hartu dute aldageletarako bidea arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.
Bigarren zatia hasi eta berehala Kanpanzar Arrasatek abantaila 29-9raino handitu egin du, David Klibaren entsegua eta Ibai Portaloren transformazioarekin. Une horretan bisitarien susperraldia iritsi da, bi entsegu eginez markagailua berriro ere estutu dutela (29-21). Partidua amaitzeko zazpi minuturen faltan errioxarrek zigor kolpe berri bat bidali dute zutoinen artera, Mojategin urduritasuna piztuz.
Zorionez, sarrailagileak 29-24arekin ez dira kikildu, eta partiduaren azken txanpan Arriaranek lortutako entsegua, berriro ere Portaloren eraginkortasunarekin transformazioa gauzatzerako orduan, garaipena Mojategin utzi dute 36-24ko emaitzarekin. Tamalez, garaipen honek ez die ziurtatzen bigarren postua Barrutiaren mutilei, eta azkan jardunaldira arte itxaron beharko dute sailkapen fasea zein postutan amaitzen duten jakiteko. Azken partidua Elorrio liderraren etxean jokatuko du Kanpanzar Arrasatek.
Nesken porrota Iruñean
Mutilak ez bezala, Geurea RT-ko neskak esku hutsik geratu dira asteburu honetan, La Unicari zapatu arratsaldean egindako bisitan 20-12ko emaitzarekin galdu eta gero. Partidua ondo hasi zen konbinatu euskaldunarentzat, 20. minuturako Jone Ugaldeak egindako entseguak 0-5 jarri baitzituen aurretik bisitariak. Ordu erdia igarota La Unicak markagailua berdindu egin zuen baina, lehenengo zatiko azken txanpan, Udane Azkarragaurizarren entseguak eta Aiora Agirregomezkortaren transformazioak 5-12 utzi zuten aurretik Geurea RT.
Bigarren zatian, baina, gauzak okertu egin zitzaizkien Zabalaren neskei. Bosgarren minutua igarota etxekoen bigarren entsegua iritsi zen, markagailua 10-12kora arte estutuz. Tamalez, nafarrak ez ziren horrekin konformatu, eta ordu laurdenerako jada 15-12 ziren aurretik entsegu berri bat lortuta. Oraindik laugarren entsegu bat lortzeko parada eduki zuen La Unicak, amaierako 20-12ko emaitza markagailuan ezarriz.