Gizonezkoen senior mailako Euskal Liga azken txanpan sartuta dago jada, eta asteburu honetan sailkapen faseko azkenaurreko jardunaldia jokatuko da. Honen baitan, Kanpanzar Arrasatek etxean jokatuko du, Errioxa bisitari izango dela. Sarrailagileen eta errioxarren arteko lehia igande eguerdian jokatuko da, 12:30ean hasita, eta bertan Julen Barrutiaren mutilek azken bi porrotak ahaztu eta garaipenaren bidera itzultzea bilatuko dute.
Izan ere, Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilak denboraldiko boladarik txarrenean murgilduta daude, azken bi asteburuetan, Getxok Mojategira egindako bisitan eta pasa den zapatuan Baztanen jokatutako partiduan, porrotak jaso eta gero. Hala eta guztiz ere Julen Barrutiaren mutilek oraindik bigarren postuari eusten diote, eta igoera fasea jokatzea bermatuta baldin badaukate ere, ligaska postu horretan amaitzea bilatuko dute.
Horretarako, ezinbestekoa izango da igande honetako lehian nagusitzea. Eta bolada txar horietako bati amaiera emanda heltzen da Mojategira, hain justu ere, Errioxa. Izan ere, azken lau partiduak galdu eta gero, Logroñokoek pasa den asteburuan garaipena erdietsi zuten etxean, azken sailkatu Gipuzkoa Sortzen 31-20 mendean hartuta. Jokatutako 16 partiduetatik sei irabazita, egungo zazpigarren sailkatua da Errioxa, orotara 31 puntu batu dituela.
Datu hauek aintzat hartuta, Kanpanzar Arrasatek ez luke arazo handirik eduki beharko garaipena eskuratzeko, betiere azken bi partiduetako itxura txarra alde batera uzten badu. Esan bezala, ezinbestekoa izango da igande honetan garaipena eskuratzea, sailkapen fasea honezkero lidergoa ziurtatuta duen Elorrioren etxean agurtuko baitute Barrutiaren mutilek.
Neskak Iruñera
Mutilek ez bezala, senior mailako neskek etxetik kanpo jokatuko dute, Iruñean. Urgozo eta Elorriorekin osatutako Geurea RT-k La Unicari egingo dio bisita zapatuan, eta arratsaldeko 16:30eatik aurrera hilabetea biribiltzea bilatuko du. Izan ere, konbinatu euskaldunak martxoan jokatutako partidu guztiak irabazi ditu, azkena pasa den asteburuan, Mojategin, Hernaniren kontra.
Zabalaren neskek aurrean edukiko duten aurkaria sailkapenaren erdialdean dago, bosgarren postuan 37 punturekin, jokatutako 12 partiduetatik zazpi irabazita. Iruñeko taldea bolada onean murgilduta zegoen, otsailaz geroztik jokatutako lau partiduak irabaziak baitzituen. Iragan asteburuan, baina, hirugarren sailkatu Gipuzkoa Sortzenek puntuak eraman zituen Nafarroako hiriburutik.
Gauzak horrela, itxaropentsu joango dira Iruñera Zabalaren neskak, batez ere azken emaitzak aintzat hartuta. Konbinatu euskaldunak bigarren postuan jarraitzen du 44 punturekin, Gaztedi liderretik 13 puntura eta bere jarraitzaile gertukoen Gipuzkoa Sortzenekiko puntu bakarreko abantaila duela. Zertxobait beherako Uni Bilbo eta La Unica bera daude 37na puntura berdinduta; honenbestez, nahitanahiez irabazi beharreko partidua larunbat honetakoa.