Arrasate Errugbi Taldeko neskek garaipen berri bat eskuratu dute, oraingo honetan Hernaniren kontra Mojategin jokatutako partiduan, aste honetan zendutako Miguel Angel Arana, klub zuri-moreko kide historikoa, omentzeko baliagarria izan dena. Geurea RT-ko neskek hasiera hasieratik bideratu zuten partidua, eta 42-5eko emaitzarekin nagusitu ziren.
Partidua hasi aurretik Mojategin bildutakoek Arana eduki zuten gogoan, zendutako kide beteranoaren ART-ko arropa zelaian zela, minutu bateko isilunea gordez. Ondoren, talde zuri-moreak merezitako omenaldia eskaintzeko parada izan zuen, aise nagusitu baitzen Hernaniren kontra. Bosgarren minuturako jada 12-0 ziren aurretik etxekoak, Izaro Azkarragaurizar eta Nerea Ugarteren entseguak eta Alea Iracuisen transformazioarekin. Ugarte berak etxekoen hirugarren entsegua egin zuen 20. minutuan eta, atsedenaldia ate-joka zela, Naia Goirienarenak 22-0ekoa igoarazi zuen markagailura. Emaitza horrekin hartu zuten bi taldeek aldageletarako bidea arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.
Bigarren zatian partiduak ildo beretik jarraitu zuen eta, Maider Amilibiak konbinatu euskaldunarentzako bosgarren entsegua lortu eta gero, bisitariek goizeko lehenengoa egin zuten (27-5). Bisitarien susperraldia, baina, ezer ezean geratu zen, eta partidua amaitu bitartean Geurea RT-ko entseguak bata bestearen etzetik etorri ziren, beste hiru, orotara. Goirienak bere kontu pertsonaleko bigarren tantoa lortu zuen eta, beste biak, Jone Ugaldea eta Haizea Zabalarenak izan ziren.
Garaipen honekin, eta sailkapen fasea amaitzeko lau partiduren faltan, Geurea RT-ko neskak bigarren postuan daude 44 punturekin, puntu bakarreko abantaila dutela hirugarren sailkatu Gipuzkoa Sortzen taldearekiko. Datorren asteburuan, 15. jardunaldiaren baitan, La Unicari egingo diote bisita Joseba Zabalaren neskek.