Bigarren zati negargarriak Kanpanzar Arrasate kondenatu du

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2026ko martxoaren 22a

Julen Barrutiaren mutilek aurrea hartu zuten Baztanen kontrako partiduan Lekarozen baina, atsedenaldi ostean, nafarrek markagailua irauli egin zuten. Azken emaitza 41-13 izan zen etxekoen aldea.

Bigarren astez jarraian Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilak esku hutsik geratu dira, oraingo honetan Baztanen kontra Lekarozen jokatutako partiduan. Sailkapen faseko azken hirugarren jardunaldiaren baitan Julen Barrutiaren mutilak iragan asteburuan Mojategin Getxoren kontra jasotako porrota ahazteko helburuarekin joan ziren Nafarroa aldera zapatu arratsaldean baina, lehen zati onaren ostean, bigarrenean baztandarrak bisitarien gainetik pasatu ziren, 41-13 nagusituz.

Lehia ezin hobeto hasi zen Barrutiaren mutilentzat, seigarren minuturako 0-3 baitziren aurretik Oihan Irausiegik zutoinen artera bidalitako zigor kolpeari esker. Ordu laurdenerako, baina, Baztanek markagailua irauli egin zuen arratsaldeko lehenengo entsegua lortuta. Sarrailagileen erreakzioa berehala iritsi zen, bi minutu beranduago, eta berriro ere Irasuegi berak zutoinen artera bidalitako zigor kolpe berri batekin.

5-6koarekin indarrak parekatuta jarraitu zuten baina, lehenengo zatiko ordu erdia bete aurretik, Kanpanzar Arrasatek errenta handitu egin zuen, oraingo honetan Asier Delgadoren entsegua eta Irasuegiren transformazioarekin. Bisitariak gai izan ziren hurrengo minutuetan errentari eusteko baina, lehenengo zatiaren azken txanpan, Baztanek bigarren entsegua egin eta 10-14ko emaitzarekin joan ziren atsedenaldira bi taldeak.

Lehenengo zatian lortutako errentarekin itxaropentsu zelairatu zen Arrasateko taldea atsedenaldi ostean, baina ordezko jokalari gutxi izateak zama handiegia suposatu zien bisitariei. Barrutiaren mutilek beherakada nabarmena izango zuten arlo fisikoan bigarren zatian, eta ahultasun horri etekin ezin hobea atera zion Baztanek.

Bigarren zatia hasi bezain pronto etxekoek entsegua egin eta markagailua berriro ere irauli egin zuten (15-14). Hortik aurrera sarrailagileak noraezean ibili ziren, eta nafarren entseguak, bigarren zatian lau orotara, bata bestearen atzetik heldu ziren. Honetaz gain, Baztanek zigor kolpe bat ere bidali zuen zutoinen artera eta, gauzatutako lau transformazioekin batera, markagailura amaierako 41-13a igo zen.

Azken bi partiduak galdu arren, Kanpanzar Arrasatek bigarren postuan jarraitzen du 51 punturekin, sailkapen fasea postu horretan amaitzea oraindik bere eskuetan duela. Atzetik Uni Bilbo eta Getxo daude 49 eta 47 punturekin, hurrenez hurren. 40 punturekin, bosgarren postuan, Baztan dago. Sarrailagileek honezkero ziurtatuta daukate igoera fasea jokatzea, eta sailkapen faseko azken bi partiduak Mojategin, Errioxaren kontra, eta Elorrion jokatuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak