Astebeteko etenaldiaren ostean Euskal Ligetan baloia berriro ere jarriko da martxan asteburu honetan, eta Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako ekipoak ez dira salbuespena izango. Izan ere, senior mailako mutilek zein neskek hitzordua izango dute zapatuan: Lehenengoek Baztani egingo diote bisita arratsaldean, 16:30ean, eta bigarrenek Mojategin hartuko dute Hernani, eguerdiko 12:00etan.
Esan bezala, goiztiarrenak Geurea RT-ko neskak izango dira, aspaldiko partez Mojategin jokatuko dutenak. Txapelketa guztiak azken txanpan sartuta daude jada, baita Emakumezkoen Euskal Liga ere. Asteburu honetakoa sailkapen faseko azken bosgarren jardunaldia izango da, eta une honetan Joseba Zabalaren neskak hirugarren sailkatuak dira 39 punturekin, bigarren sailkatu Gipuzkoa Sortzenekin berdinduta eta egungo lider Gazteditik 14 puntura.
Gauzak horrela, larunbat honetan Hernaniren kontra garaipena eskuratuz gero, sailkapenean urrats berri bat emateko parada izan dezake Geurea RT-k. Zabalaren neskek aurrean izango duten aurkaria horretarako aproposa dirudi, zazpi punturekin baino ez, egungo azkenaurreko sailkatua baita. Donostialdekoek bi partidu baino ez dituzte irabazi aurtengo ikasturtean, eta euren azkeneko garaipenarekin topo egiteko otsailera egin behar dugu salto, azken sailkatu Txingudiren zelaian nagusitu ziren egunera, hain justu ere.
Mutilak Elizondora
Neskek ez bezala, Kanpanzar Arrasateko mutilek etxetik kanpo jokatuko dute, Baztani egingo baitiote bisita. Azken jardunaldiko estropezuaren ostean, non Getxok puntuak eraman zituen Mojategitik, Julen Barrutiaren mutilek garaipenaren bidera itzultzea bilatuko dute, egungo bigarren postua sendotze aldera. Hala eta guztiz ere, azken jardunaldiko emaitzak aintzat hartuta, talde zuri-moreak honezkero ziurtatuta dauka sailkapen fasea aurreneko lau sailkatuen artean amaitzea eta, honenbestez, igoera fasea jokatzea.
Larunbat honetan aurrean izango duten ekipoa ere borroka horretarako aurkari zuzena izan daiteke, 35 punturekin bosgarren postuan dagoela, Baztanek oraindik aukerak izan baditu igoera fasea jokatzeko. Hala eta guztiz ere, nafarrak bolada negargarrian murgilduta daude, hilabete baino gehiago baitaramate partidurik irabazi gabe. Azken garaipena urtarrila amaieran lortu zuten, Atletiko San Sebastiani bisita egin zioten egunean.
Larunbat honetakoaren ostean beste bi partidu baino ez dituzte izango aurretik Barrutiaren mutilek: Martxoko azken asteburuan Errioxak bisitatuko du Mojategi eta, sailkapen faseko azken jardunaldiaren baitan, apirila erdialdean, Elorrio liderrari egingo diote bisita. Hiru partidu aurretik, sailkapen fasea ahalik eta gorenen amaitzeko.