Garaipen erosoa ART-ko neskentzat azken sailkatuaren etxean

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2026ko martxoaren 9a

Joseba Zabalak zuzendutako taldea 0-56 nagusitu zen, zapatuan, Txingudiren kontra Plaiaundin jokatutako norgehiagokan.

Aurreikuspenak bete egin ziren eta, zorionez, zapatuan Arrasate Errugbi Taldeko neskek garaipen erosoa ekarri zuten Irun aldetik. Euskal Ligako 13. jardunaldiaren baitan, Elorrio eta Urgozorekin batera osatutako Geurea RT-k egungo azken sailkatu Txingudiri egin zion bisita eta, Plaiaundin jokatutako norgehiagokan, bisitariak 0-56 nagusitu ziren.

Kategoriako talde indartsuenetarikoa eta erregistrorik kaskarrenak jaso dituena, oraindik garaipenik eskuratu gabe dagoena, izan ziren aurrez aurre Plaiaundin, eta bi ekipoen arteko alde hori nabarmen atzeman zen berdegunean. Hasirea hasieratik jarri ziren aurretik Joseba Zabalaren neskak, lehen minuturako Aizea Blancok bisitarientzako aurreneko entsegua egina baitzuen, Alea Iracuisen transformazioa barne.

Minutuak aurrera joan ahala konbinatu euskaldunaren errenta areagotzen joan zen, eta atsedenaldira 0-39ko errentarekin joan zen. Bisitariek lehenengo zatian lortutako zazpi entseguak, Aizea Blancorena barne, Paula Palacios, Olatz Orokieta, Ane Rincon, Udane Azkarragaurizar eta Jone Ugaldearenak (2) izan ziren.

Bigarren zatian, partidua bideratuta zutela ikusita, Zabalaren neskek oina azeleragailutik altxa zuten; halere, beste hiru entsegu egiteko parada izan zuten. Ugaldeak bere kontu pertsonaleko hirugarren tantoa lortu zuen eta, beste biak, Naia Goiriena eta Garazi Berrio-Otxoarenak izan ziren. Gauzak horrela, 0-56eko garaipena Geurea RT-rentzat, bigarren sailkatu Gipuzkoa Sortzenekin 39na puntutara berdintzeko baliagarria dena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak