Lau jardunaldi baino ez dira geratzen Euskal Ligako 1. mailako sailkapen fasea amaitzeko eta, honezkero, Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek ezin hobeto bideratuta dute bigarren postua eskuratzea. Julen Barrutiaren mutilek jada 11 puntuko abantaila dute bere jarraitzaile gertukoen Uni Bilborekiko eta, azken laugarren jardunaldiaren baitan, beste aurkari zuzen batek bisitatuko du Mojategi: 13 puntu gutxiago dituen Getxok. Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da Mojategin, 16:30ean hasita, eta garaipena eskuratuz gero aurrerapauso erraldoia emango luke talde arrasatearrak bigarren postua ziurtatze aldera.
Iragan asteburuan Durangon asko sufritutako garaipena eskuratzetik heltzen da zapatu honetako hitzordura Kanpanzar Arrasate, denboraldi amaiera honetan izango dituen lau finaletako lehenengora, alegia. Izan ere, sailkapen faseko azken txanpa honetan aurkari zuzenei egingo diote aurre sarrailagileek: Getxoren bisitaren ostean bosgarren sailkatu Baztani (17 puntura dago) egingo diote aurre eta, astebetera, Errioxa izango da bisitari Mojategin. Ligako azken partidua egungo lider, eta oraindik neurketarik galdu ez duen, Elorrioren kontra jokatuko du Kanpanzar Arrasatek.
Testuinguru honetan, hurrengo bi partiduak irabaziz gero, erabat ziurtatuta edukiko luke bigarren postua talde arrasatearrak, Errioxa honezkero 24 puntura baitago. Honen ostean, liga txapelketagatik borrokatuko lukete Barrutiaren mutilek, baldin eta lidergoa ziurtatuta duen Elorriok uko egiten ez badio igoera fasea jokatzeari. Kasu horretan, Kanpanzar Arrasatek aukera edukiko luke fase hori jokatzeko, baldin eta bigarren postuan amaitzen badu liga.
Neskak Irunera
Mutilek ez bezala, senior mailako neskek etxetik kanpo jokatuko dute asteburu honetan. Astebeteko etenaldiaren ostean, Joseba Zabalak zuzendutako taldeak liga txapelketari berrekingo dio Plaiaundin. Txingudiren kontrako partidua, 13. jardunaldiaren baitan kokatutakoa, zapatu arratsaldean jokatuko da baita ere, baina kasu honetan 16:00etan hasita.
Azken partiduan egungo lider Gaztediren zelaitik esku hutsik irten eta gero, garaipenaren bidera itzultzeko asmoarekin heltzen da larunbat honetako hitzordura Geurea RT. Konbinatu euskalduna hirugarren postuan dago 34 punturekin, liderretik 14 puntura eta bigarren sailkatu Gipuzkoa Sortzenek baino bost puntu gutxiagorekin. Atzetik, La Unica eta Uni Bilbo daude 31 eta 27 punturekin, hurrenez hurren.
Gauzak horrela, galdutako bigarren postua berreskuratzeko ezinbestekoa izango da Irunetik garaipena ekartzea eta, horretarako, plaza aproposa dirudi Plaiaundi. Izan ere, talde irundarra egungo azken sailkatua da puntu bakarrarekin, oraindik partidurik irabazi ez duela. Dena den, eta beti bezala, apaltasunez ekin beharko diote lehiari Zabalaren neskek, sorpresa desatseginik hartu nahi ez badute, behintzat.