Uste baino gehiago sufrituta, baina aurrerapauso berria eman du Kanpanzar Arrasatek

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2026ko martxoaren 1a

Julen Barrutiaren mutilek Durangori egin zioten bisita zapatu arratsaldean eta, norgehiagoka oso lehiatuaren ostean, bigarren postuari eusteko baliagarria den garaipen berri bat eskuratu zuten. Azken emaitza 30-32 izan zen sarrailagileen alde.

Hasiera batean uste zena baino gehiago sufrituta izan bada ere, Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek aurrerapauso berri bat eman dute bigarren postua sendotze aldera. Julen Barrutiak zuzendutako taldeak Durangori egin zion bisita zapatu arratsaldean, 14. jardunaldiaren baitan kokatutako norgehiagoka jokatzeko. Sailkapenari begira bazirudien arrasatearrek neurketa erosoa izango zutela Arripausuetan, etxekoek bolada txarrean murgilduta heltzen baitziren lehiara. Usteak, baina, erdi ustel, eta Barrutiaren mutilek izerdi dezente bota behar izan zuten 30-32 nagusitzeko.

Lehia ezin okerrago hasi zen sarrailagileentzat, bosgarren minuturako 7-0 baitzen aurretik Durango. Manex Barrutiaren entseguak eta Portaloren transformazioak, baina, berriro ere oreka eraman zuen markagailura 10. minuturako. Zutoinen artera bidalitako zigor kolpe batek berriro ere jarri zuen aurretik Durango; etxekoen pozak, ordea, ez zuen luzaroan iraun, Oihan Irasuegiren entseguak -Portaloren transformazioa barne- irauli egin baitzuen markagailua (10-14) 20. minutua bete orduko.

Atsedenaldira joan aurretik bisitariek beste bi entsegu egin zituzten, David Kliba eta Danel Zuazubiskarren eskutik, horietako bat Portalok transformatu zuela. Honetaz gain, bi taldeek zigor kolpe bana gehiago bidali zuten zutoinen artera lehenengo zatian eta, honenbestez, 13-29ko emaitzarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.

Emaitza horrekin bazirudien aurreikuspenak beteko zirela, eta Kanpanzar Arrasate aise nagusitu zela. Barrutiaren mutilak, baina, erlaxatuta zelairatu ziren bigarren zatian, eta ozta-ozta ez zuten oso garesti ordaindu. Hirugarren minuturako Durangok entsegu berri bat egina zuen (18-29), eta handik 10 minutu eskasetara bisitarien erantzuna etorri zen, Portalok zutoinen artera bidalitako zigor kolpe berri baten bitartez (18-32).

Lehia amaitzeko 10 minuturen faltan, baina, bizkaitarrek bi entsegu egin zituzten segidan, markagailua 30-32raino estutuz. Bost minutu eskas falta ziren arauzko denbora amaitzeko, eta urduritasuna piztu zen Barrutiaren mutilen artean. Zorionez, Durango ez zen gai izan markagailua iraultzeko, eta azkenean ordua eskatzen amaitu bazuen ere, Kanpanzar Arrasatek bigarren postua sendotzen jarraitzeko urrezko garaipena ekarri zuen etxera.

Liga amaitzeko lau partiduren faltan Kanpanzar Arrasatek jada 51 puntu ditu patrikan, Elorrio liderrak baino 15 gutxiago eta bere jarraitzaile gertukoen Uni Bilborekiko 9 puntuko abantaila duela. Datorren asteburuan Getxok bisitatuko du Mojategi eta, azken hiru jardunaldietan, Baztan eta Elorriori egingo diote bisita arrasatearrek, eta Errioxa etorriko da Mojategira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak