Astebeteko etenaldiaren ostean Euskal Ligako 1. mailako mutilek berriro ere egingo dute salto berdeguneetara eta, 14. jardunaldiaren baitan, Kanpanzar Arrasate Bizkaia aldera joango da. Zapatuan, 16:45eatik aurrera, Julen Barrutiaren mutilek Durangori egingo diote bisita, sailkapen fasearen azken txapari begira egungo bigarren postuari eusteko helburuarekin.
Euskal Ligako 1. maila azken txanpan sartuko da asteburu honetan, bost partidu baino ez baitira geratzen liga amaitzeko. Zapatuan Durangori egin beharreko bisitaren ostean, eta apirila amaiera bitartean, talde arrasatearrak beste lau hitzordu izango ditu, bi etxean eta beste horrenbeste kanpoan. Getxo eta Errioxa izango dira bisitari Mojategin; kanpoan, berriz, Baztan eta Elorriori egingo diote bisita Barrutiaren mutilek.
Eta liga amaitzeko bost jardunaldi hauen faltan, Kanpanzar Arrasatek tinko eusten dio bigarren postuari. Talde zuri-moreak 47 puntu batu ditu orain arte jokatutako 13 partiduetan, hiru porrot baino jaso ez dituela. Aurretik, Elorrio liderra baino ez dago 61 punturekin eta, Uni Bilbo jarraitzearekiko, zortzi puntuko abantaila dute sarrailagileek. Atzerago, Baztan eta Getxo daude 33na puntura berdinduta eta, 28 eta 27rekin Durango eta Errioxa daude, hurrenez hurren.
Testuinguru honetan, bigarren postuari eusteko borrokan aurkari zuzenak izango ditu Kanpanzar Arrasatek liga amaiera honetan, lehenengo geraleku Arripausueta izango dela. Bizkaitarrek ez dira unerik gozoenean heltzen zapatuko hitzordura, azken lau partiduetan ezin izan baitute garaipenik eskuratu. Emaitzarik positiboena orain direla bi aste lortu zuten, Gipuzkoa Sortzenen aurka berdindu eta gero. Euren azken garaipenarekin topo egiteko, berriz, urte hasierara egin behar dugu salto, Baztanek Arripausueta bisitatu zuen egunera, hain justu ere.
Pirolitikak Donostian
Senior mailako neskek atsedenaldi jardunaldia izango dute asteburu honetan; amen taldea, berriz, Donostiara joango da. Izan ere, zapatuan, 12:00etatik aurrera, Hakamak izeneko txapelketa jokatuko da Puio errugbi zelaian eta, bertan, talde arrasatearra izango da. Pirolitikakekin batera beste hiru ekipo izango dira: Balsfemmes, All Quelarre eta Ilegales Vrutales.
Kartelera
Senior mailako mutilek bezala, 18 eta 16 urtez azpiko taldeek ere zapatuan izango dute hitzordua. Lehenengoek Mungiari egingo diote bisita 11:30ean eta, bigarrenek, La Unica hartuko dute Elorrion 11:00etan. 14 urtez azpikoek atsedenaldia izango dute eta, ohi bezala, Errugbi Eskola zein Inklusiboko neska-mutikoek asteroko entrenamendu saioa burutuko dute, igande goizean (10:30), Mojategin.