Garaipen erosoa eta bigarren postua gero eta gertuago

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2026ko otsailaren 15a

Azkenaurreko sailkatu Uribealdea hartu zuen Mojategin Kanpanzar Arrasatek eta, partidua hasiera gorabeheratsuaren ostean, Julen Barrutiaren mutilak azkenean 42-7 nagusitu ziren. Talde arrasatearrak honezkero 12 puntu ateratzen dizkio hirugarren postuan dagoen Uni Bilbori. Neskak esku hutsik etorri dira Gasteizetik.

Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek garaipen berri bat eskuratu dute, oraingo honetan, Uribealdearen kontra Mojategin jokatutako norgehiagokan. Talde arrasatearrak zapatu eguerdian hartu zuen egungo azkenaurreko sailkatua eta, aurreikusten zen bezala, Barrutiaren mutilek garaipen erosoa eskuratu zuten. Azken emaitza 42-7 izan zen etxekoen alde eta, modu honetan, zuri-moreek gero eta gertuago dute sailkapen fasea bigarren postuan amaitzea.

Emaitzak kontrakoa erakutsi arren, partidu hasiera konplikatua izan zen Kanpanzar Arrasaterentzat, Uribealdeak uste baino estutasun handiagoak jarri baitzizkion talde zuri-moreari. Partidua Ibai Portalok zutoinen artera bialitako zigor kolpearekin hasi zen; 3-0koak, baina, gutxi iraun zuen, 20. minuturako 3-7 baitzen aurretik Uribealdea.

Bizkaitarrek sendo eutsi zioten hasierako minutu horietan lortutako errentari, lehenengo zatia amaitzeko 10 minutu eskasen faltan, eta berriro ere zutoinen artera bidalitako baloi batekin, Portalok bisitarien errenta murriztu zuen arte. Bazirudien 6-7koarekin joan behar zirela bi taldeak atsedenaldira baina, azken txanpan, Ibai Irasuegik entsegua egin eta, Portalo berak transformazioa gauzatuta, aurretik jarri zuten etxeko taldea (13-7).

Lehenengo zatiko azken unean Kanpanzar Arrasatek lortutako entsegu horrek min handia egin zion Uribealdeari eta, aldageletatik bueltan, bizkaitarren gainbehera etorri zen. Bosgarren minuturako, zigor kolpe berri bati ateratako etekinarekin, Portalok sarrailagileen errenta handitu egin zuen (16-7). Hortik aurrera, Kanpanzar Arrasate geldiezin aritu zen berdegunean. Narbaiza, Kliba, Suinaga eta Viterik etxekoentzako beste lau entsegu lortu zituzten, Portalok hiru transformatuz. Modu honetan, Kanpanzar Arrasate aipatutako 42-7ko emaitzarekin nagusitu zen.

Datorren asteburuan ez da jardunaldirik izango Euskal Ligako lehen mailan baina, martxoa hasieran, sailkapen faseko 14. jardunaldia jokatuko da, non Barrutiaren mutilek Durangori egingo diote bisita. Bost partidu baino ez dira falta liga amaitzeko eta, honezkero, Kanpanzar Arrasatek 12 puntuko abantaila du egungo hirugarren sailkatu Uni Bilborekiko.

Argazki-galeria

 

Nesken porrota liderraren etxean

Geurea RT-ko neskek ere partidu garrantzitsua zuten zapatuan, kategoriako lider Gaztediri egin baitzioten bisita, lehenengo postua eskuratzeko aukerekin. Tamalez, Joseba Zabalak zuztendutako taldeari ez zitzaizkion gauzak nahi bezala atera, eta esku hutsik bueltatu ziren Gasteizetik. Konbinatu euskaldunak 31-0 galdu zuen Lakuan eta, modu honetan, dagoeneko bederatzi puntura du lidergoa, Gipuzkoa Sortzenekin 34na puntura berdinduta dagoela.

Historia gutxiko partidua izan zen Gaztedi eta Geurea RT-ren artekoa, 10. minutua gaindituta etxekoak 10-0 baitziren aurretik. Zabalaren neskak nahi eta ezin ibili ziren, eta atsedenaldira 24-0 joan ziren, Gaztedik lau entsegu eginda. Bigarren zatian partiduak ildo beretik jarraitu zuen, eta gasteiztarrek beste entsegu bat egin zuten, amaierako 31-0ekoa ezarriz.

Mutilen kasuan bezala, emakumezkoen Euskal Ligan ere ez da liga jardunaldirik izango datorren asteburuan eta, bi aste barru jokatuko den jardunaldian, Geurea RT-k atsedenaldia izango du. Gauzak horrela, konbinatu euskaldunak martxoaren 8ko asteburuan jokatuko du hurrengo partidua, Txingudiri egingo dion bisitarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak