ARTko neskek lidergoa izango dute jokoan

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2026ko otsailaren 11

Joseba Zabalak zuzendutako Geurea RT-k egungo lider Gaztediri egingo dio bisita zapatuan (16:00) eta, irabaziz gero, lehen postua eskuratuko du. Egun berean, baina 13:00etan, senior mailako mutilek Uribealdea hartuko dute Mojategin.

Oso ona izaten ari den denboraldia biribiltzen jarraitzeko aukera izango dute asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko neskek, Urgozo eta Elorriorekin batera osatzen duten Geurea RTk egungo lider Gaztediri egingo baitio bisita zapatan, 16:00etatik aurrera. Bi taldeen artean lau puntuko aldea baino ez dago, hortaz, Zabalaren neskek garaipena eta bonusa eskuratuz gero, talde gasteiztarra aurreratuko lukete sailkapenean.

Konbinatu euskalduna azken hiru partiduak irabaztetik heltzen da zapatu honetako hitzordura, azken porrotarekin topo egiteko abendu erdialdera salto egin behar dugula. Egun horretan, Gipuzkoa Sortzen izan zen Zabalaren nesken borreroa, Donostia aldean jokatutako partiduan. Horretaz gain, beste porrot bat baino ez du jaso aurtengo ikasturtean Geurea RTk, hirugarren jardunaldian Gaztedi berak konbinatu euskaldunari egindako bisitan.

Testuinguru honetan, mendeku bila zelairatuko dira Zabalaren neskak zapatuan. Eta aurrean edukiko duten aurkaria ez dago unerik gozoenean, denboraldi biribila egin eta gero, iragan asteburuan aurreneko porrota jaso baitzuten. Egungo laugarren sailkatu La Unicari egindako bisitan izan zen, partidu horretan nafarrak 15-12ko emaitzarekin nagusitu ziren. Gauzak horrela, liderraren kontrako lehia erabakigarrian baikorrak izateko arrazoia badute Zabalaren neskek.

Artxiboko irudia.

Mutilak etxean

Neskek baino zertxobait lehenago, eguerdiko 13:00etan, senior mailako mutilek jokatuko dute, kasu honetan, etxean. Euskal Ligako 1. mailako 13. jardunaldiaren baitan, Julen Barrutiak zuzendutako taldeak Uribealdea hartuko du Mojategin, egungo bigarren postua sendotzen jarraitzeko baliagarria litzatekeen garaipena bilatzeko helburuarekin.

Liga amaitzeko sei jardunaldiren faltan, asteburu honetakoa barne, Kanpanzar Arrasatek dena alde du sailkapen fasea bigarren postuan amaitzeko. Orain arte jokatutako 12 partiduetatik bederatzi irabazi ditu talde zuri-moreak, orotara 42 puntu batuz, egungo lider Elorrio baino 14 gutxiago. Bere jarraitzaile gertukoenak Getxo eta Baztan dira, 33na puntura berdinduta dauden taldeak.

Testuinguru honetan, asko okertu beharko litzaioke norabidea Barrutiaren taldeari liga bigarren postuan ez amaitzeko eta, horretarako, lehen pausoa larunbat honetan bertan emateko aukera du. Mojategi bisitatuko duen Uribealdea horretarako aurkari aproposa dirudi, egungo azkenaurreko sailkatua baita 19 punturekin, lau garaipen baino eskuratu ez dituela.

Kartelera

Zapatuan beste hiru hitzordu izango ditu Arrasate Errugbi Taldeak: goizeko 10:00etan 16 urtez azpikoek Txingudi hartuko dute Mojategin eta, 15:45ean, 18 urtez azpikoek Getxori egingo diote bisita. Amen taldea, Pirolitikak, berriz, Sevillan izango dira, eta Bellavista herrian goizeko 10:30eatik aurrera jokatuko den IV. Lacartijero izeneko torneoan hartuko dute parte. Inauteriak direla eta, igandean ez da inongo hitzordurik izango.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak