Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek geldiezin jarraitzen dute, eta asteburu honetan garaipen berri bat eskuratu dute, denboraldiko bederatzigarrena. Euskal Ligako 1. mailako 12. jardunaldiaren baitan, Julen Barrutiaren mutilek Atletiko San Sebastian hartu dute Mojategin eta, hasiera hasieratik bideratutako norgehiagokan, azkenean 59-12ko emaitzarekin nagusitu dira.
Esan bezala, partidua hasi bezain pronto jarri da aurretik Kanpanzar Arrasate, aurreneko minutuan Asier Delgadok lortutako entseguari esker. Portaloren ondorengo transformazioak eta, handik bost minutura zutoinen artera bidalitako zigor kolpeak, 10-0ekoa igoarazi dute markagailura. Ordu laurdena bete orduko Kanpanzar Arrasatek errenta handitu egin du, Iraitz Arriaranek etxekoen bigarren entsegua lortuta. Oraingo honetan ere Portalok ez du barkatu transformazioan, eta zutoinen artera bidalitako beste zigor kolpe pareari esker 23-0 jarri da aurretik talde zuri-morea.
Lehenengo zatiko ordu erdia betetzeko bi minuturen faltan Atletiko San Sebastianek aurreneko entsegua lortu du; Donostiarren pozak, ordea, gutxi iraun du, Kanpanzar Arrasateren erantzuna berehala iritsi baita, Maren Jimenezen entsegua eta Portaloren transformazio berri batekin. Atsedenaldira joan aurretik Haritz Ezpeletak etxekoen laugarren entsegua lortu du eta, modu honetan, 37-5eko emaitzarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.
Bigarren zatian berriro ere geldiezin zelairatu da Kanpanzar Arrasate, eta hasierako bost minutuetan lortutako entsegu pareak, Joseba Santa Cristina eta Ibai Irasuegirenak, norgehiagoka erabakita utzi dute (47-5). Ordu laurdena betetzean Irasuegi berak etxekoen errenta handitu egin du bere kontu pertsonaleko bigarren entsegua lortuta, oraingo honetan Ethan Moralen transformazioarekin.
Eta 54-5ekoarekin donostiarren susperraldia iritsi da, norgehiagoka amaitzeko 10 minuturen faltan bigarren entsegua lortu baitute, markagailua zertxobait txukunduz (54-12). Azken hitza, baina, Kanpanzar Arrasaterena izan da, partiduaren azken txanpan Enaitz Solabarrietak etxekoen garaipena biribildu egin baitu, amaierako 59-12koa markagailuan ezarriz.
Herensugeak Aragoi aldean
Arrasate Errugbi Taldeko beteranoek ere hitzordua eduki dute asteburu honetan, Zaragozako Ejea de los Caballeros herrian izan baitira. Herensugeek bertako beteranoen taldearen kontra lagunarteko partidua jokatu dute, non adiskidetasuna eta giro ona protagonistak izan diren. Harrobiari dagokionez, 18 urtez azpikoek Gipuzkoa Sortzen taldearen kontra neurtu dituzte indarrak Ordizian, 29-12 nagusituz. 16 urtez azpikoak ere nagusitu egin dira, kasu honetan Plentzian, Uribealdeari egindako bisitan 17-22 irabazi baitute.