Sufritutako garaipena ekarri dute Bilbotik ART-ko neskek

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2026ko otsailaren 8a

Elorrio eta Urgozorekin batera osatutako Geurea RT-k Uni Bilbori egin dio bisita eta, Errekaldeko kiroldegian jokatutako norgehiagokan, konbinatu euskalduna 39-41ekoe emaitzarekin nagusitu da.

Izerdi dezente botata izan bada ere, Arrasate Errugbi Taldeko neskek garaipena ekarri dute Bizkaia aldetik. Euskal Ligako 10. jardunaldiaren baitan, Elorrio eta Urgozorekin batera osatutako Geurea RT-k Uni Bilbori egin dio bisita eta, Errekaldeko kiroldegian jokatutako norgehiagokan, konbinatu euskalduna 39-41ekoe emaitzarekin nagusitu da.

Baloia jokoan jarri bezain pronto, lehenengo minutuan, jarri ziren aurretik bisitariak, Naia Goirienaren entseguarekin. Bilbotarren erantzuna, baina, berehala iritsi zen, eta bosgarren minutua betetzear zela markagailuak jada 7-5ekoa erakusten zuen. Goirienak, baina, beste entsegu parea lortu eta partidua irauli egin zuen (7-15). Lehenengo zatiko 25. minuturako Aiora Agirregomezkortak bisitarien laugarren entsegua lortu zuen, transformazioa barne, eta ordu erdia bete orduko Goirienak bere kontu pertsonaleko hirugarren entsegua egina zuen, Agirregomezkortaren transformazioarekin (7-29)..

Atsedenaldira joan aurretik Geurea RT-k oraindik beste entsegu bat egiteko astia eduki zuen, oraingo honetan Haizea Zabalaren eskutik, transformazioan Agirregomezkortak hutsik egin ez zuela. Gauzak horrela, arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta 7-36ko errentarekin joan ziren aldageletara bisitariak, partidua erabakita zegoela zirudiela.

Husteak, baina, erdi ustel” dio esaera zaharrak, eta oraingo honetan horrela izan zen. Lehenengo zatian ez bezala, bigarrenean lokartuta zelairatu ziren Joseba Zabalaren neskak, eta ozta-ozta ez zuten garestiegi ordaindu. Lehenengo minuturako partiduko bigarren entsegua egina zuen Uni Bilbok eta, minutuak aurrera egin ahala, etxekoen tantoak bata bestearen atzetik iritsi ziren.

Gauzak horrela, partidua amaitzeko 10 minutu eskasen faltan markagailuak jada 27-36koa erakustean zuen. Zorionez, Zabalaren kontu pertsonaleko bigarren entseguak bazirudien nolabaiteko lasaitasuna emango ziola konbinatu euskaldunari. Uni Bilbok, baina, ez zuen amorerik eman eta, arauzko denbora agortu aurretik, beste bi entsegu lortu zituen, 39-41koa ezarriz. Lehenengo zatiko erakustaldiaren ostean, eta gezurra badirudi ere, Zabalaren neskek partidu amaiera eskatzen amaitu zuten lehia.

Herensugeak Aragoi aldean

Arrasate Errugbi Taldeko beteranoek ere hitzordua eduki dute asteburu honetan, Zaragozako Ejea de los Caballeros herrian izan baitira. Herensugeek bertako beteranoen taldearen kontra lagunarteko partidua jokatu dute, non adiskidetasuna eta giro ona protagonistak izan diren. Harrobiari dagokionez, 18 urtez azpikoek Gipuzkoa Sortzen taldearen kontra neurtu dituzte indarrak Ordizian, 29-12 nagusituz. 16 urtez azpikoak ere nagusitu egin dira, kasu honetan Plentzian, Uribealdeari egindako bisitan 17-22 irabazi baitute.

Herensugeak Ejea de los Caballeros herrian (Argazkia: Igor Otadui).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak