Atletiko San Sebastianek bisitatuko du Mojategi zapatuan

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2026ko otsailaren 5a

Julen Barrutiaren mutilek zaleen aurrean jokatuko dute, 16:30an hasita. Neskak Bilbon arituko dira ordubete beranduan, 17:30ean. Beteranoek, berriz, Ejea de los Caballeros herrian izango dute hitzordua, lagunarteko partiduarekin.

Iragan asteburuan Usurbiletik garaipen berri bat ekarri eta gero, errugbia berriro ere itzuliko da Mojategira. Zapatuan, 16:30eatik aurrera, Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek Atletiko San Sebastian hartuko dute etxean, 12. jardunaldiaren baitan kokatutako partidua jokatzeko.

Talde zuri-moreak tinko eusten dio bigarren postuari eta, donostiarren aurka, denboraldiko bederatzigarren garaipena bilatuko du. Azken bi partiduak irabaztetik dator Kanpanzar Arrasate, orain arte kategoriako talde indartsuenetariko izan dela, orotara 37 puntu batu dituela. Partidurik galdu ez duen Elorrio liderra (51 puntu) da Barrutiaren mutilen aurretik dagoen talde bakarra; atzetik, berriz, Getxo eta Baztan daude 33na puntura berdinduta.

Mojategi bisitatuko duen Atletiko San Sebastian denboraldi gazi-gozoa ari da egiten, 21 punturekin egungo zazpigarren sailkatua baita. Donostiarrek ezin hobeto ekin zioten ikasturteari, hasierako bost partiduetatik lau irabaziz; Azaro amaieraz geroztik, baina, bolada negargarrian murgilduta daude, azken sailkatu Gipuzkoa Sortzenen aurka lortutako berdinketa baita orduz geroztik urratu duten gauza positibo bakarra.

Gauzak horrela, Barrutiaren mutilek ez lukete arazo handirik eduki beharko Atletiko San Sebastian garaitzeko. Dena den, tentu handiz ekin beharko diote lehiari, iragan asteburuan ere Usurbilen egungo azken sailkatua garaitzeko izerdi dezente bota behar izan baitzuten. Oraingoan, baina, zaleen hauspoa izango dute bidelagun.

Neskak, Bilbon

Mutilek es bezala, senior mailako neskek etxetik kanpo izango dute hitzordua, Bilbon. Astebeteko etenaldiaren ostean, iragan asteburuan ez baitzen jardunaldirik izan Emakumezkoen Euskal Ligan, Elorrio eta Urgozorekin batera osatutako Geurea RT-k El Fangon jokatuko du. Kasu honetan ere hitzordua zapatu arratsaldean izango da, baina 17:30ean hasita.

Mutilak bezala, Arrasate Errugbi Taldeko neskak ere txapelka kentzeko moduko ikasturtea ari dira egiten, eta bigarrenak dira sailkapenean 30 punturekin, Gaztedi liderretik sei puntura baino ez. Zortzi partiduetatik sei irabazi dituzte Zabalaren neskek, kategoriako talde indartsuenetarikoan bilakatuz.

Konbinatu euskaldunak aurrean izango duen Uni Bilbo sailkapenaren erdialdean kokatuta dago, orain arte lortutako lau garaipen eta berdinketa bati esker orotara 21 puntu batu dituela. Bilbotarrek azken bi partiduak irabazi dituzte, eta euren azkeneko porrotarekin topo egiteko azaroaren erdialderaino jo beharra daukagu.

Beteranoak

Asteburu honetan ere hitzordua izango dutenak Herensugeak izango dira, Aragoi aldera joango direnak. Arrasate Errugbi taldeko beteranoek lagunarteko partidua jokatuko dute Zaragozako Ejea de los Caballeros herrian, bertako beteranoen taldearen kontra. Hitzordua zapatu arratsaldean izango da, 15:15ean hasita, eta bertan ziur asko giro ona eta adiskidetasuna ez direla faltako.

Eta beteranoekin jarraituz, urtero legez, Sei Nazioetako porra abiarazi dute honezkero. Apustuak ondorengo loturan egin daitezke eta, gogorarazten dutenez, epemuga otsailaren 4ra arte egongo da zabalik, 21:00ak baino lehen. Animatu eta parte hartu!!!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak