Usurbiletik garaipena ekarri du Kanpanzar Arrasatek

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2026ko otsailaren 1a

Julen Barrutiaren mutilak, uste baino gehiago sufrituta, 14-33 nagusitu ziren zapatu arratsaldean Gipuzkoa Sortzen konbinatuaren kontra jokatutako partiduan. Datorren asteburuan etxean arituko dira, Atletiko San Sebastianek Mojategi bisitatuko baitu.

Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilak berdeguneetara itzuli dira asteburu honetan, iragan astean atsedenaldi jardunaldia izan baitzen Euskal Ligako 1. mailan. Bigarren itzuliko hirugarren jardunaldiaren baitan, denboraldiko hamargarrena, Julen Barrutiak zuzendutako taldeak Gipuzkoa Sortzen konbinatuari egin zion bisita zapatu arratsaldean eta, Usurbilen jokatutako norgehiagokan, 14-33 nagusitu zen.

Donostia aldekoak egungo azken sailkatuak izanik, faborito gisa zelairatu zen Kanpanzar Arrasate Usurbilen eta, zorionez, aurreikuspenak bete egin ziren, uste baino gehiago sufritu izan bazen ere. Denbora gutxi behar izan zuten arrasatearrek markagailuan aurretik jartzeko, partidua hasi bezain pronto, lehen minutuan, Joseba Azkarragak partiduko lehen entsegua egin baitzuen. Portalok ez zuen hutsik egin transformazioan eta, modu honetan, partidua hasi orduko 0-7 zen aurretik Kanpanzar Arrasate.

Bisitariak erasokor zelairatu ziren, eta 10. minuturako errenta handitu zuten, oraingo honetan Ibai Irasuegiren entseguarekin. Portalo berriro ere fin aritu zen transformazioan, 0-14koa markagailura igoz. Ordu laurdena bete baino lehen, ordea, Gipuzkoa Sortzenek sarrailagileen errenta murriztu egin zuen zutoinen artera bidalitako zigor kolpearen bitartez. Hasiera zalapartatsuaren ostean, lehenengo zatian zehar markagailua ez zen gehiago mugitu, eta arauzko denbora amaitzeko bost minuturen faltan etxekoek partiduko lehen entsegua lortu zuten. Modu honetan, 8-14ko emaitzarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek.

Bigarren zatiko hasierako minutuetan parekotasuna izan zen nagusi eta, arauzko denboraren ekuatorera heldu baino lehen, zutoinen artera bidalitako zigor kolpe parearen bitartez markagailua berriro ere orekatu egin zuten etxekoek (14-14). Zorionez, bost minutu eskasetan Haritz Ezpeletak eta Unai Suinagak lortutako entseguek, Portaloren transformazioekin batera, berriro ere lasaitasuna eman zioten talde arrasatearrari. 14-28ko errentarekin Kanpanzar Arrasatek urduritasunak alde batera utzi eta lasaiago jokatu zuen, azken unean Andoni Narbaizak lortutako entseguak garaipena biribilduz (14-33).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak