Usurbilen berrekingo dio ligari Kanpanzar Arrasatek

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2026ko urtarrilaren 28a

Julen Barrutiaren mutilek Gipuzkoa Sortzen izango dute aurkari, zapatuan, 15:30ean. Senior mailako neskek kategoriak ez da jardunaldirik jokatuko.

Astebeteko etenaldiaren ostean Euskal Ligako 1. maila berriro ere martxan jarriko da asteburu honetan eta, 11. jardunaldiaren baitan, Kanpanzar Arrasatek Usurbilen izango du hitzordua. Julen Barrutiaren mutilek Gipuzkoa Sortzen taldeari egingo diote bisita. Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da, 15:30ean hasita, eta bertan talde zuri-moreak ikasturteko zortzigarren garaipena bilatuko du.

Euskal Ligako 1. mailak azken txanpan sartzear da, asteburu honetakoa bigarren itzuliko hirugarren jardunaldia izango baita, eta orain arte Kanpanzar Arrasatek egindako ibilbidea txapela kentzeko modukoa izan da. Barrutiak zuzendutako taldeak jokatutako 10 partiduetatik zazpi irabazi ditu, eta egungo bigarren sailkatua da 32 punturekin. Arrasatearren aurretik Elorrio lider garaiezina baino ez dago, orotara 46 puntu batu dituena. Atzetik, Getxo eta Baztan daude 29 eta 28 punturekin, hurrenez hurren.

Kanpanzar Arrasatek aurrean izango duen aurkariaren egoera oso bestelakoa, egungo azken sailkatua baita Gipuzkoa Sortzen. Konbinatu gipuzkoarrak ez du partidurik irabazi orain arte, eta urratutako berdinketa batek eman dizkio puntuen kutxatxoan batuta dituzte hiru puntu bakarrak. Hori gutxi balitz, entsegu gutxien lortu eta gehien jaso dituen taldea ere bada Gipuzkoa Sortzen.

Testuinguru honetan, eta sailkapenak erakusten dituen datuei erreparatuz, Kanpanzar Arrasatek ez luke arazo handirik eduki beharko denboraldiko zortzigarren garaipena Usurbiletik ekartzeko. Sarrailagileek, baina, apaltasun osoz ekin beharko diote egungo azken sailkatuaren kontrako lehiari, ezusteko desatseginik hartu nahi ez badute, behintzat. Adibiderik gertukoena iragan asteburuan eduki zuten senior mailako neskek, uste baino izerdi gehiago bota behar izan baitzuten sailkapen zuloan sartuta zegoen aurkaria garaitzeko.

Kartelera

Eta neskek, hain justu ere, ez dute jardunaldirik izango asteburu honetan, Euskal Selekzioak hitzordua izango baitu Gaztela Leongo selekzioaren kontra. 16 eta 18 urtez azpikoetan egoera berdina izango da eta, 14 urtez azpikoetan, Deba Arroa konbinatuak Ordiziari egingo dio aurre igande goizean (10:00), Soraluzen. Zertxobait beranduago, 10:30ean, Errugbi Eskola eta Inklusiboko neska-mutikoek asteroko entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak