Arrasate Errugbi Taldeko neskek garaipen berri bat eskuratu dute, denboraldiko seigarrena, oraingo honetan hasiera batean aurreikusten zena baino gehiago sufrituta. Emakumezkoen Euskal Ligako bederatzigarren jardunaldiaren baitan, Urgozo eta Elorriorekin batera osatutako Geurea RT-k Getxo hartu zuen San Roken zapatu arratsaldean, eta 38-32 nagusitu zen.
Sailkapenari erreparatuz, faborito gisa heltzen zen konbinatu euskalduna hitzordu honetara, egungo bigarren sailkatuak azken hirugarrena hartzen baitzuen etxean. Kategoria honetan, baina, ez dago aurkari txikirik, eta Joseba Zabalaren neskek izerdi dezente bota behar izan zuten Getxo mendean hartzeko.
Etxeko taldea lokartuta zelairatu zen, eta lehenengo zatian partidua oso zaila jarri zitzaion, ordu laurdena igarota Getxo 0-20 baitzen aurretik hasierako minutu horietan egindako hiru entsegu eta zutoinen artera bidalitako zigor kolpeari esker. Hortik aurrera Zabalaren neskek nolabaiteko susperraldia izan zuten, eta Alea Iracuis eta Udane Azkarragaurizarren entseguei esker, bizkaitarren errenta murriztu zuten (12-20). Atsedenaldira joan aurretik, baina, Getxok entsegu berri bat egin eta 12-25eko markagailuarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.
Bigarren zatian markagailua iraultzeko helburu irmoarekin zelairatu ziren Zabalaren neskak, eta bosgarren minuturako lehia ia berdinduta zuten (24-25) Haizea Zabala eta Aiora Agirregomezkortaren entseguekin. Getxoren entsegu berri batek, ordea, Getxoren errenta 24-32ra arte handitu zuen berriro ere partidua amaitzeko 20 minuturen faltan.
Eta une horretan, bost minutu magikoek garaipena eman zioten konbinatu euskaldunari. Tarte horretan Udane Azkarragaurizarrek bere kontu pertsonaleko bigarren entsegua egin zuen eta, Nerea Ugartek, lehenengoa. Bietan Agirregomezkorta eraginkor aritu zen transformazioa gauzatzerako orduan eta, modu horretan, 38-32 jarri zen aurretik Geurea RT. 10 minutu falta ziren lehia amaitzeko, baina partidu amaierara arte Zabalaren neskek bikain eutsi zioten abantailari, denboraldiko seigarren garaipena eskuratuz.