Iragan asteburuan Durangotik garaipena ekarri eta gero, aste honetan berriro ere aurkari bizkaitarra izango du aurrean Geurea RTk. Emakumezkoen Euskal Ligako bederatzigarren jardunaldiaren baitan, Joseba Zabalak zuzendutako taldeak Getxo hartuko du San Roken. Partidua zapatu arratsaldean jokatuko da, 16 :00etan hasita, eta bertan konbinatu euskaldunak aurtengo denboraldia biribiltzen jarraitzea bilatuko du.
Izan ere, liga txapelketa bikaina ari da egiten Geurea RT aurten, zortzi jardunaldi jokatuta bigarren sailkatua baita 26 punturekin. Zabalaren neskek jokatutako zazpi partiduetatik bi baino ez dituzte galdu, Gaztedi liderretik 11 puntura daudela. Atzetik, La Unica eta Gipuzkoa Sortzen taldeak datoz 21 eta 20 punturekin, hurrenez hurren.
San Roke bisitatuko duen Getxo oso bestelako egoeran dago, orain arte bi garaipen baino ez baititu eskuratu. Bi garaipen horiek, urratutako berdinketa batekin batera eta bonus puntuekin, 13 puntu eman dizkiote talde bizkaitarrari, sailkapeneko azken hirugarren postuan kokatuz.
Testuinguru honetan, faborito gisa zelairatuko da Geurea RT zapatu arratsaldean Elorrion, sailkapenak erakusten dituen datuak aintzat hartuz, behintzat. Hala eta guztiz ere, Zabalaren neskek tentu handiz eta apaltasun osoz ekin beharko diote Getxoren kontrako lehiari, sorpresa desatseginik jaso nahi ez badute behintzat.
Kartelera
Neskek ez bezala, senior mailako mutilek ez dute jardunaldirik izango asteburu honetan. Zapatuan, baina, beste hitzordu parea izango du Arrasate Errugbi Taldeak. Goizeko 10:30ean, Gasteizko Lakua auzoan, 14 urtez azpikoek Gaztediri egingo diote bisita. Ordu erdi beranduago, Mojategin, 16 urtez azpikoek Bera Bera hartuko dute.
Igandean, berriz, 18 urtez azpikoen txanda izango da. 11:00etatik aurrera, San Txismen, Gernikaren kontra neurtuko dituzte indarrak. Azkenik, egun berean, Errugbi Eskolako neska-mutikoek Federazioak antolatutako topaketan hartuko dute parte. Inklusiboko taldeak atsedenaldia izango du.