Iragan asteburuan Elorrio liderraren kontra oso gutxigatik galdu eta gero, Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilak garaipenaren bidera itzuli dira. Euskal Ligako 1. mailako 10. jardunaldiaren baitan Julen Barrutiaren mutilek Uni Bilbo hartu dute Mojategin eta, igande eguerdian jokatutako norgehiagokan, 19-13 nagusitu dira.
Lehia ez da ondo hasi Kanpanzar Arrasaterentzat, 10. minuturako 0-7 baitzen atzetik markagailuan. Lehenengo zatiko ordu erdia bete baino lehen, ordea, markagailua berriro ere orekatu egin da Andoni Narbaizak lortutako entsegua eta David Klibak gauzatutako transformazioaren bitartez. 7-7ko berdinketarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortzean.
Bigarren zatia hasi eta berehala hartu du aurrea Kanpanzar Arrasatek, Jokin Dolararen entsegua eta Ibai Irasuegiren transformazioaren bitartez. Bigarren zatiko ordu laurdena igarota, baina, Uni Bilbok etxekoen errenta murriztu egin du zutoinen artera bidalitzako zigor kolpearen bitartez. 14-10ekoarekin, etxekoak errenta hori defendatzen eta bilbotarrak markagailua irauli nahian aritu dira eta, partidua amaitzeko zortzi minutu eskas geratzen zirela, Xabi Gardoki kapitainak entsegua egin eta nolabaiteko lasaitasuna eraman du Mojategiko harmailetara (19-10).
Azken hitza, baina, bilbotarrena izan da, segidan zigor kolpe berri bat bidali baitute zutoinen artera arauzko denbora amaitzeko bost minuturen faltan. Zorionez, Barrutiaren mutilak gai izan dira errentari eusteko, eta partidua 19-13ko emaitzarekin amaitu da, Kanpanzar Arrasatek denboraldiko zazpigarren garaipena erdietsiz.
Talde zuri-moreak tinko eusten dio bigarren postuari, orain arte orotara 32 puntu batu dituela. Lidergoan Elorrio jarraitzen du 46 punturekin eta, atzetik, Getxo eta Baztan daude 29 eta 28 punturekin, hurrenez hurren. Datorren asteburuan ez da liga jardunaldirik izango Euskal Ligako 1. mailan, eta baloia otsaila hasieran jarriko da martxan berriro ere, Barrutiaren mutilek Gipuzkoa Sortzen talde donostiarrari egingo dioten bisitarekin.
Argazki-galeria hemen