ART-ko nesken garaipen erosoa Durangon

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2026ko urtarrilaren 18a

Geurea RT-k 0-32 nagusitu zen, Arripausuetan, zapatu arratsaldean jokatutako partiduan.

Asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko neskek hasi berri dugun urteko aurreneko partidua jokatu dute. Emakumezkoen Euskal Ligako zortzigarren jardunaldiaren baitan, Urgozo eta Elorriorekin batera osatutako Geurea RT-k Durangori egin dio bisita eta, zapatu arratsaldean Arripausuetan jokatutako norgehiagokan, 0-32 nagusitu da.

Partidua berehala jarri zitzaion alde Joseba Zabalak zuzendutako taldeari, 10. minutua bete baino lehen Maider Prietok bisitarien aurreneko entsegua lortu baitzuen. Lehenengo zatian beste bi tanto lortu zituen konbinatu euskaldunak, Udane Azkarragaurizar eta Libe Ibarrondorenak, eta biak transformatu egin zituen Alea Iraciusek. Gauzak horrela, atsedenaldira 0-19 errentarekin joan zen Geurea RT.

Bigarren zatia hasi bezain pronto partidua erabakita utzi zuten bisitariek, aureneko bost minutuetan beste bi entsegu lortu baitzituzte, kasu honetan Maia Guridik eta Malen Lejarzak lortutakoak. 20. minutua bete baino lehen Maider Amilibiak bisitarien seigarrena egin zuen eta, hortik aurrera, Zabalaren neskek errentari eusteari ekin zioten. Markagailua ez zen gehiago mugitu eta, honenbestez, neurketa aipatutako 0-32ko emaitzarekin amaitu zen.

Garaipen honekin, denboraldiko bosgarrena, bigarren postuan finkatu da Geurea RT. 26 punturekin, Gaztedi liderretik sei puntura baino ez. Atzetik La Unica eta Gipuzkoa Sortzen daude, 21 eta 20 punturekin, hurrenez hurren. Datorren asteburuan etxean jokatuko du Geurea RT-k, Getxoren kontra, hain justu ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak