Uni Bilbo izango da bisitari Mojategin. Asteburu honetan gizonezkoen Euskal Ligako 1. mailako 10. jardunaldia jokatuko da eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeak berriro ere etxean jokatuko du. Iragan asteburuan Mojategin Elorrio liderraren kontra galdu eta gero, oraingo honetan garaipenaren bidera itzultzen ahaleginduko da Uni Bilboren kontra. Norgehiagoka igande eguerdian jokatuko da, 13:00etan hasita.
Aurtengo denboraldian galdutako hiru partiduetako bat bilbotarren kontra el Fangon jokatutakoa izan da, hortaz, mendeku bila zelairatuko dira Julen Barrutiaren mutilak igandean. Sailkapeneko atzealdean sartuta baldin badago ere, bolada onean heltzen da domekako hitzordura Uni Bilbo, azken bi partiduak irabazi baititu. Zuri-gorriak egungo seigarren sailkatuak dira 21 punturekin, jokatutako bederatzi partiduetatik lau irabazi eta gero; esan bezala, horietako bat Kanpanzar Arrasateren kontra lehen itzulian El Fangon jokatutakoa.
Iragan asteburuko porrotaren ostean, Julen Barrutiaren mutilak hirugarren posturaino jaitsi dira, bere partidua irabazi eta gero Getxok bigarren postua eskuratu baitu. Bi taldeen artean puntu bakarreko aldea dago, 29 eta 28 punturekin baitaude. Sailkapen buruan Elorriok jarraitzen du 41 punturekin, zortzi garaipen eta berdinketa bat eskuratuta.
Neskak Durangon
Mutilek ez bezala, senior mailako neskek etxetik kanpo jokatuko dute, Arripausuetan. Durangoren kontrako partidua zapatu arratsaldean izango da, 16:30ean hasita, eta bertan Urgozo, Elorrio eta AGT Arrasatek osatutako Geurea Rugby Taldeak aurtengo denboraldia biribiltzen jarraitzea bilatuko du. Izan ere, konbinatu euskalduna egungo bigarren sailkatua da 21 punturekin, jokatutako sei partiduetatik lau irabazita.
Joseba Zabalaren neskek aurrean edukiko duten aurkaria oso bestelako egoeran dago, 14 punturekin taularen erdialdean baitago Durango. Bizkaitarrek jokatutako partiduen erdia irabazi dituzte, hiru orotara, eta 2025eko azken partidua galdu eta gero heltzen dira Geurea R.T.-aren kontrako partidura. Dena den, Durangok Arripausueta gotorleku bilakatu du aurten, zaleen aurrean jokatutako partidu guztietan nagusitu baitira.
Kartelera
Senior mailako nesken partiduaz gain, zapatuan beste hiru hitzordu izango ditu Arrasate Errugbi Taldeak. 18 urtez azpikoetan, ordezkari arrasatearrek Hernanin jokatuko dute eguerdiko 12:00etan. Zertxobait lehenago, 10:30ean, 16 urtez azpikoek Ordizia hartuko dute Mojategin. Azkenik, ordu berean, 14 urtez azpikoek Plaiaundin jokatuko dute.
Ohi bezala, igandean Errugbi Eskola eta Inklusiboko taldearen txanda izango da. Lehenengoek asteroko entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin (10:30) eta, bigarrenek, Hernaniko Landare errugbi zelaian izango den topaketan hartuko dute parte.