Liderraren aurrean aurpegia eman du Kanpanzar Arrasatek

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2026ko urtarrilaren 10a

Porrotarekin amaitu arren, Elorrioren kontrako neurketan ondo aritu dira Julen Barrutiaren mutilak, eta bisitariek izerdi dezente bota behar izan dute Mojategitik garaipena eramateko.

Urtea ondo hasteko errugbi partidu bikaina ikusteko para izan dute zapatu arratsalde honetan Mojategira gerturatu direnek. Giro euritsua eta hotza nagusi izan badira ere, berdegunean tentsioa eta kemena izan dira nagusi, lehen eta bigarren sailkatuak aurrez aurre izan baitira. Kanpanzar Arrasate eta Elorrioren arteko neurketa bisitarien garaipenarekin amaitu da, 18-22ko emaitzaz, baina Julen Barrutiaren mutilek itxura ona erakutsi dute partidurik galdu gabe jarraitzen duen egungo liderraren kontra.

Bederatzigarren jardunaldiko neurketa hau, bigarren itzuliko lehenengo jardunaldikoa, aurreikusten zen bezala parekatua izan da oso eta 20. minutura arte markagailua ez da mugitu. Lehenengo kolpea Elorriok eman du, kolpe bikoitza, gainera, lehenengo ordu erdia bete baino lehen bi entsegu egin baititu. 0-10ekoarekin, ordea, Kanpanzar Arrasateren susperraldia iritsi da, Ibai Portalok zutoinen artera bidalitako zigor kolpearen bitartez (3-10). Atsedenaldira joan aurretik Enaitz Solabarrietak zuri-moreen aurreneko entsegua lortu du eta, honenbestez, 8-10eko emaitzarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.

Bigarren zatia hasi eta bost minutura Elorriok arratsaldeko hirugarren entsegua lortu du, oraingo honetan transformazioa hutsik egin ez dutela. 8-17koarekin Barrutiaren mutilek borrokatzen jarraitu dute, eta saria bigarren zatiko 20. minutuan lortu dute, Solabarrietaren kontu pertsonaleko bigarren entsegua eta Portaloren transformazioarekin. (15-17). Zoritxarrez, etxekoen pozak ez du luzaroan iraun, hurrengo minutuan Elorriok entsegu berri bat egin eta bere errenta berriro ere handitu baitu.

15-22koarekin oraindik edozer gauza gerta zitekeen, norgehiagoka amaitzeko oraindik 20 minutu geratzen zirela aintzat hartuta. Kanpanzar Arrasate saiatu egin da, zaleen hauspoa bidelagun, eta Portalok itxaropenerako bidea zabaldu du 70. minutuan zigor kolpe berri bat zutoinen artera bidalita. Elorriok, baina, egungo liderra zergatik den argi erakutsi du, eta gai izan da 18-23ko errenta horri eusteko azken 10 minutu horietan.

Porrot honen ostean, eta Getxok lortutako garaipena eta gero, Kanpanzar Arrasatek bigarren postua galdu du, bizkaitarren esku geratu dena. Bi taldeen artean puntu bakarreko aldea dago -29 eta 28- eta, lidergoan, Elorriok jarraitzen du 41 punturekin. Hurrengo asteburuan berriro ere etxean jokatuko du Kanpanzar Arrasatek, lehen itzulian borrero izandako beste talde baten kontra, Uni Bilboren aurka, hain justu ere.

Argazki-galeria hemen

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak