Gabonen etenaldiaren ostean baloia berriro ere martxan jarriko da eta, Arrasate Errugbi Taldearen kasuan, goiztiarrenak senior mailako mutilak izango dira. Euskal Ligako 1. Mailan bigarren itzulia abiaraziko da eta, 9. jardunaldiaren baitan, Julen Barrutiaren mutilek egungo lider Elorrio hartuko dute Mojategin. Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da, 16:30ean hasita, eta bertan arrasatearrak ezustekoa ematen ahaleginduko dira.
Talde bizkaitarrak kategoriako indartsuena dela erakutsi du orain arte, partidurik galdu gabe baitago. Estropezu bakarra Baztanen kontra izan du, laugarren jardunaldian Elizondon jokatutako partiduan berdindu eta gero. Gainontzeko lehietan, esan bezala, jaun eta jabe izan dira San Txismekoak. Gauzak horrela, bakar bakarrik dago sailkapen buruan Elorrio, orotara 37 puntu batu dituela.
Kanpanzar Arrasateren egoera, baina, ez da askoz ere txarragoa, 10 puntu gutxiagorekin egungo bigarren sailkatua baita. Julen Barrutiaren mutilak denboraldi txukuna ari dira egiten, jokatutako zortzi partiduetatik sei irabazi baitituzte. Jasotako bi porrotetatik, bat Uni Bilboren zelaian jokatutako partidukoa da eta, bestea, Elorriori estreinaldiko jardunaldian egindako bisitarena.
Gauzak horrela, mendeku bila eta ezustekoa emateko asmoarekin zelairatuko dira Barrutiaren mutilak zapatu arratsaldean. Kanpanzar Arrasate eta Elorrioren arteko lehiak beroak izan dira beti eta, aurtengo denboraldiko sailkapenak erakusten duena ikusita, gainera, ikuskizuna ere bermatuta egongoss da.
Neskek lagunartekoa
Mutilek ez bezala, senior mailako neskek ez dute liga jardunaldirik izango, baina lagunarteko partidua jokatuko dute Mojategin. Goizeko 11:00etan hasita eta datorren asteburuan berrekingo duten liga txapelketa prestatze aldera, Bera Beraren kontra neurtuko dituzte indarrak. Beste kategorietan, 18 urtez azpikoek hiruko txapelketa jokatuko dute Ordizian Euro Rugby egunaren baitan. Azkenik, igandean Errugbi Eskola eta Inklusiboko taldeek urteko aurreneko entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin (10:30) eta, 13 eta 14 urtez azpikoek, Soraluzeko zelaian burutuko den entrenamendu saioan (16:00) hartuko dute parte.