Arrasate Errugbi Taldeak Mojategi gauean ere erabilgarri izatea eskatu dio udalari, gimnasioan duen leku falta dela-eta

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2025eko abenduaren 28a

Eskaera formala aurkeztu dio Arrasateko Udalari.  Modu honetan, klub zuri-moreak instalazioak 24 orduz erabilgarri izatea nahi du.

Arrasateko Errugbi Taldeak eskaera formala aurkeztu dio Arrasateko Udalari, aurrerantzean, Mojategi gauetan ere zabalik izateko. Modu honetan, klub zuri-moreak instalazioak 24 orduz erabilgarri izatea nahi du, “azkenaldian bertako gimnasioa dagoen leku falta dela-eta”. Azaldu dutenez, “azken urteetan errugbi jokalari kopuruak nabarmen egin du gora eta, horrek, sekula ikusi ez diren egoerak eragin ditu: lansaioak txandaka egin behar izatea, barrak hiruzpalau jokalarien artean partekatzea, neurririk gabeko pilaketak…”. Arazo hau ez da berria Arrasate Errugbi Taldearentzat, esan bezala, jokalari kopuruan hazkunde nabaria izan baitu pandemiaz geroztik. Arazoa, baina, muturrera iritsi da aurtengo denboraldian, egoera “jasangaitza” bihurtu arte.

Zailtasunen aurrean, baina, klub zuri-morea berritzailea izan da beti, eta arazoa arintzeko behin behineko neurriak hartu ditu: Txandakako entrenamenduak, aurrelariak goizez eta hiru laurdenekoak arratsaldez; gimnasioa erreserbatzeko online sistema ezarri klubeko webgunean, kiroldegiak bere instalazioetarako pandemia garaian erabiltzen zuena aintzat hartuta; edota indarra lantzeko ariketak gimnasioaren pareten kontra egitea, “ea modu honetan gimnasioa bera handitzen den”.

Behin betiko konponbidea, ordea, Mojategi 24 orduz zabaltzea dela diote. “Klubeko jokalari askok txandaka egiten dute lan, eta gautxori dezente ere izan badauzkagu, horregatik instalazioak gauean ere erabilgarri izateak mesede handia egingo liguke”. Eta, horretarako, Arrasate Errugbi Taldeak eskaera formala aurkeztu dio Kirol Batzordeko buru Mikel San Miguel Merinori.

Arrasateko Udaletik oraindik ez dute adierazpen ofizialik egin gai honen inguruan baina, aurreratu dutenez, arazoa “konplexu samarra” da. “Operatiboki ezinezkoa da Mojategi 24 orduz zabaltzea, egunero garbiketa edota mantentze lanetako langileek gutxieneko denbora bat behar baitute bertan lan egiteko”, onartu du San Miguelek. Zinegotzi arrasatearrak ART-k azken urteotan izan duen hazkundea onartzen eta txalotzen du eta, zentzu honetan, arazoari aurre egiteko alternatibaren bat egon daitekeela dio: “Lan horiek Arrasate Errugbi Taldeak beregain hartzea”.

Gauzak horrela, badirudi 2026. urtearen hasieran kulebroia izango dugula Mojategi aldean klub zuri-morea eta Arrasateko Udalaren artean. Bitartean, ART-ko jokalari guztiek, gazte zein heldu, gogor entrenatzen jarraituko dute, “umore ona galdu barik eta egunen batean denok ariketak elkarrekin egiteko aukera izango dugunaren itxaropenaz”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak