Irribarretsu amaitu dute urtea Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek. Euskal Ligako 1. mailako zortzigarren jardunaldiaren baitan Julen Barrutiak zuzendutako taldeak Errioxari egin zion bisita atzo, larunbata, eta Pradoviejon jokatutako neurketan denboraldiko zortzigarren garaipena erdietsi zuen. Azken emaitza 12-36 izan zen bisitarien alde eta, modu honetan, Kanpanzar Arrasatek bigarren postuan agurtuko du oso ona izan den 2025. urtea.
Partidua hasi eta berehala, 10. minutua bete baino lehen, jarri ziren aurretik markagailuan Barrutiaren mutilak, Ibai Portaloren entsegua eta Aitor Abarrategiren transformazioarekin. Lehen zatiko ordu erdira heldu baino lehen Errioxak arratsaldeko lehenengo entsegua egin eta bisitarien errenta murriztu egin zuen (5-7) baina, segituan, Portaloren erantzuna etorri zen, zutoinen artera bidalitako zigor kolpearen bitartez.
Bazirudien bi taldeak 5-10ekoarekin joango zirela atsedenaldira baina, lehenengo zatiaren amaira ate-joka zela, Abarrategik eta Portalok partidu hasierako paperak aldatu zituzten: Lehenengoak entsegua egin eta, bigarrenak, transformazioa gauzatu egin zuen. Modu honetan, 5-17ko emaitzarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek.
Bigarren zatiaren hasieran parekotasuna izan zen nagusi, eta aurreneko ordu laurdenean ez zen markagailua mugitu. 15. minutua betetzear zela, baina, etxekoek bigarren entsegua lortu eta lehia berriro ere estutu egin zen (12-17). Zorionez, etxekoen kolpe horrek Barrutiaren mutilen susperraldia suposatu zuen eta, hortik aurrera, talde bakarra ikusi zen zelaian. Kanpanzar Arrasatek beste hiru entsegu egin zituen partidua amaitzeko falta ziren 25 minutu horietan, Danel Zuazubiskar, Oihan Irasuegi eta Andoni Narbaizaren bitartez. Portalok bi transformazio gauzatu zituen eta, modu honetan, norgehiagoka 12-36ko emaitzarekin amaitu zen.
Esan bezala, garaipen hau Kanpanzar Arrasateren seigarrena da aurtengo denboraldian, bigarren postua eskuratzeko baliagarria izan dena. Itzuli oso bat jokatuta Barrutiaren mutilek 27 puntu poltsikoratu dituzte, Elorrio liderretik 10 puntura daudela. Atzetik Getxo dator bi puntu gutxiagorekin eta, 22na puntura berdinduta, Durango eta Baztan daude. 2026 liderrak Mojategira egingo duen bisitarekin estreinatuko du Kanpanzar Arrasatek, urtarrilaren 10ean, 16:30ean.