Urtea azken txanpan sartuta dago jada, horregatik, kategoria gehienetan honezkero ez da jardunaldirik izango urtarrilera arte. Asteburu honetan salbuespenetako bakarra senior mailako mutilena izango da, Euskal Ligako 1. mailan zortzigarren jardunaldia jokatuko baita. Eta honen baitan, Kanpanzar Arrasatek Errioxari egingo dio bisita. Logroñoko Pradoviejon jokatuko den partidua zapatu arratsalderako deituta dago, 16:00etarako, hain justu ere.
Liga hasiera ezin hobearen ostean sailkapen buruko taldeen artean iritsi dira ligaren ekuatorera Julen Barrutiaren mutilak, hirugarrenak baitira 22 punturekin. Sarrailagileek jokatutako zazpi partiduetatik bost irabazi dituzte, eta euren aurretik dauden Getxo (24 puntu) eta Elorrio (32 puntu) liderraren kontra baino ez dute amorerik eman. Euren atzetik Atletiko San Sebastian, Durango eta Baztan daude 19, 18 eta 17 punturekin, hurrenez hurren.
Nafarren kontra, hain justu ere, lortu zuen Kanpanzar Arrasate azkeneko garaipena iragan asteburuan, oso lehiatua izan zen norgehiagokaren ostean. Sailkapenari erreparatuz, oso bestelako neurketa aurreikusten da zapatu honetarako errioxarren eta arrasatearren artean, Logroñokoak atzealdeko multzoan sartuta baitaude 14 punturekin. Orain arte hiru garaipen baino ez dituzte eskuratu, halere, bolada onean heltzen dira, azken bi partiduak irabazi baitituzte.
Testuinguru honetan, tentu handiz ekin beharko diote Barrutiaren mutilek Pradoviejoko lehiari, ezusteko atseginik hartu nahi ez badute, behintzat. Esan bezala, jardunaldi honen ostean baloia ez da berriro ere jokoan jarriko urtarrileko bigarren asteburura arte. Orduan bigarren itzulia estreinatuko da eta, honen estreinaldiko jardunaldiaren baitan, Elorrio liderrak bisitatuko du Mojategi.
Moral eta Otadui Euskal Selekzioarekin
16 urtez azpiko Euskal Selekzioak Andaluziaren kontra neurtuko ditu indarrak asteburu honetan Zarautzen eta, deialdian, Arrasate Errugbi Taldeak ordezkari bat izango du: Oinatz Otadui. Emakumezkoetan, 18 urtez azpiko kategoriako taldeak ere Andaluzia izango du aurkari, eta hemen ere ordezkari arrasatear bat izango da, Leah Moral. Ez da aurreneko aldia Moralek eta Otaduik Euskadiko elastikoa defendatzen dutela, aurretik zenbait entrenamendu eta partiduetan hartu baitute parte.