Porrot mingarria jaso dute asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko neskek. Urgozo eta Elorriorekin batera osatutako Geurea RT-k Donostian jokatu zuen atzo, igandea, eta Gipuzkoa Sortzenen aurkako lehia etxekoen alde amaitu zen, gutxieneko aldeagatik. Azken emaitza 23-22 izan zen.
Partidua ondo hasi zen bisitarientzat, hirugarren minuturako aurretik baitziren Haizea Zabalaren entseguari esker. 20. minutua ate-joka zela etxekoek aldea murriztu zuten, zutoinen artera bidalita zigor kolpeari esker (3-5). Jarrian, baina Zabalak konbinatu euskaldunaren bigarren entsegua erdietsi zuen, 3-10ekoa markagailuan ezarriz. Atsedenaldira joan aurretik, ordea, donostiarrek beste bi entsegu lortu zituzten, 15-10eko emaitzarekin aldageletarako bidea hartu zutela.
Bigarren zatiaren hasieran Gipuzkoa Sortzenek errenta handitu egin zuen entsegu berri baten bitartez (20-10) baina, bost minutu beranduago Zabalak bere kontu pertsonaleko hirugarren tantoa lortu zuen. Markagailuak 20-15 erakusten zuen eta dena zen posible oraindik. Bisitariak saiatu egin ziren baina, etxekoek, zigor kolpe berri bat zutoinen artera bidali zuten arauzko denbora amaitzeko bost minutu eskasen faltan.
Azken hatsean Berri-Otxoa ahizpek bisitarien laugarren entsegua erdietsi zuten, transformazioa barne. Tamalez, ez zen astirik egon gehiagorako, eta norgehiagoka 23-22koa emaitzarekin amaitu zen.