Garaipen garrantzitsua eskuratu du Kanpanzar Arrasatek

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2025eko abenduaren 13a

Julen Barruiaren mutilak 23-19 nagusitu dira, Mojategin, Baztanen kontra jokatutako norgehiagokan. Modu honetan, talde arrasatearrak sailkapen bururako hautagaitza aurkeztu dute.

 

Iragan asteburuan Getxotik esku hutsik etorri eta gero, pasa den asteko atsekabea ahaztu dute Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek. Euskal Ligako 1. mailako zazpigarren jardunaldiaren baitan Julen Barrutiaren taldeak Baztan hartu du Mojategin eta, norgehiagoka lehiatuaren ostean, etxekoek garaipena poltsikoratu dute 23-19ko emaitzarekin.

10. minutua bete baino lehen hartu du aurrea Kanpanzar Arrasatek, Aitor Abarrategik zutoinen artera bidalitako zigor kolpeari esker. Baztanek, baina, berehala orekatu du markagailua, bi minutu beranduago modu berean lortutako beste hiru punturekin. Ordu laurdena igarota Asier Delgadok etxekoen lehenengo entsegua lortu du, Abarrategiren transformazioarekin (10-3).

Lehenengo zatiko ordu erdia betetzear zela bisitariek aldea murriztu dute zutoinen artera bidalitako zigor kolpe berri bati esker (10-6) baina, hamar minutu beranduago, Abarrategiren erantzuna etorri da. Bost minutu falta ziren lehenengo zatia amaitzeko eta markagailua ez da gehiago mugitu, gauzak horrela, 13-6koarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortua.

Bigarren zatia hasi eta berehala Manex Barrutiak Kanpanzar Arrasateren bigarren entsegua lortu du eta, lehenengo zatian Abarrategik egin bezala, oraingoan ere Ibai Portalok ez du hutsik egin transformazioan (20-6). 10. minutua igarota nafarren erantzuna etorri da, bisitarien arratsaldeko aurreneko entseguarekin (20-13).

Markagailua estu zegoen eta berdegunean parekotasuna zen nagusi baina, bigarren zatiko ordu laurdenera iritsita, Portalok etxekoen errenta handitu egin du zigor kolpe berri bati ateratako etekin ezin hobearekin (23-10). Oraindik ia ordu erdi falta zen partidua amaitzeko eta Barrutiaren mutilek 10 puntuko errenta zuten. Etxeko zaleen hauspoaz lagunduta, hortzak estutu eta abantaila defendatzen ahalegindu dira. Baztanek beste zigor kolpe parea zutoinen artean bidaltzeko gai izan da baina, zorionez, hori ez da nahikoa markagailua iraultzeko eta garaipena Arrasaten geratu da. Amaieran Kanpanzar Arrasate nagusi 23-16ko emaitzarekin.

Garaipen honekin talde zuri-morea sailkapeneko hirugarren postuan finkatu da, orain arte poltsikoratutako 22 puntuei esker. Aurretik, bigarren sailkatu Getxok 24 puntu ditu eta, Elorrio liderrak, 27. Atzetik Atletiko San Sebastian, Durango eta Baztan datoz, 19, 18 eta 17 punturekin, hurrenez hurren. Datorren asteburuan sailkapen zuloan sartuta dagoen Errioxari egingo dio bisita Kanpanzar Arrasatek, hasiera batean eta datuei erreparatuz, atseginagoa dirudien norgehiagokan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak