Baloia berriro ere jarriko da martxan asteburu honetan

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2025eko abenduaren 10a

Mutilek Faduran izandako estropezua ahaztea bilatuko dute, zapatuan (16:30), Baztanek Mojategira egingo duen bisitan. Neskek Donostian jokatuko dute domekan (11:00), Gipuzkoa Sortzenen kontra.

Astebeteko etenaldiaren ostean, baloia berriro ere martxan jarriko da asteburu honetan Euskal Ligako kategoria ezberdinetan. Arrasate Errugbi Taldearen kasuan, senior mailako bi ekipoek egingo dute salto berdegunera. Mutilek zapatuan jokatuko dute, 16:30eatik aurrera, Baztanen kontra Mojategin. Nesken kasuan, hitzordua domeka goizean izango da, 11:00etatik aurrera Gipuzkoa Sortzenen kontra neurtuko baitituzte indarrak Donostian.

Faduran orain direla 15 egun izandako estropezuaren ostean, Julen Barrutiaren mutilek garaipenaren bidera itzultzea bilatuko dute zapatuan. Aurkari zuzen batek bisitatuko du Mojategi asteburu honetan jokatuko den zazpigarren jardunaldiaren baitan, Kanpanzar Arrasatetik bi puntura baino ez baitago Baztan. Orain arte jokatutako sei jardunaldietan hiru garaipen eta berdinketa bat poltsikoratu ditu talde nafarrak eta, 16 punturekin, bosgarrena da sailkapenean. Elizondokoak bolada ezin hobean heltzen dira Mojategira, denboraldi hasierako aurreneko bi partiduak galdu eta gero, azken lau jardunaldietan aipatutako berdinketa eta hiru garaipen horiek eskuratu baitituzte.

Aurreko jardunaldian Getxotik esku hutsik etorri arren, orain arte pozik egoteko moduko lana egin du Kanpanzar Arrasatek, orotara lau garaipen poltsikoratuz. Talde zuri-morea egungo hirugarren sailkatua da 18 punturekin, Atletiko San Sebastianekin berdinduta. Aurretik, Getxo (20 puntu) eta Elorrio liderra (27 puntu) daude. Testuinguru honetan, Mojategin nagusitzen den taldeak emango du aurrerapausoa sailkapenean.

 

Neskak Donostiara

Mutilen denboraldia ona izan bada orain arte, Arrasate Errugbi Taldeak, Elorriok eta Urgozok osatutako Geurea Rugby Taldearen neskena txapela kentzeko modukoa ari da izaten. Izan ere, orain arte izandako sei jardunaldietan jokatutako bost partiduetatik lau irabazita, egungo bigarren sailkatua da 20 punturekin konbinatu euskalduna. Aurretik kategoriako lider Gaztedi baino ez dago 27 punturekin, orain arte Geurea RT-k izan duen borrero bakarra.

Eta mutilen kasuan bezala, neskek ere aurkari zuzenaren kontra jokatuko dute igandean, euren jarraitzailerik gertukoena baita Gipuzkoa Sortzen. Donostiarrek hiru garaipen poltsikoratu dituzte orain arte, orotara 16 puntu batuz. Dena den, datu adierazgarria aipatu beharra dago, sailkapen buruko talde gehienek Geurea RT-k baino partidu bat gehiago jokatu baitute orain arte.

 

Kartelera

Senior mailako mutilen hitzorduarekin batera, zapatuan beste hiru izango ditu Arrasate Errugbi Taldeak: 18, 16 eta 14 urtez azpikoena, hain justu ere. Lehenengoek Durangoren kontra neurtuko dituzte indarrak San Roken (13:00), bigarrenek Gaztediri egingo diote bisita (12:00) eta, hirugarrenek, Errioxari egingo diote aurre Unben (10:30).

Ohi bezala, igandean Errugbi Eskola eta Inklusiboko neska-mutikoen txanda izango da. Lehenengoek anfitrioiak izango dira, oraingo honetan izango den jardunaldia Mojategin jokatuko baita, herri ezberdinetatik etorritako taldeen parte hartzearekin. Inklusibokoak etxetik kanpo arituko dira oraingo honetan, Aretxabaletako Ibarra futbol zelaian. Batzuk zein besteak goizeko 10:30eatik aurrera arituko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak