Astebeteko etenaldiaren ostean, Arrasate Errugbi Taldeko neskek liga txapelketari berrekingo diote asteburu honetan. Euskal Ligako seigarren jardunaldiaren baitan, Elorrio eta Urgozorekin osatutako Geurea R.T.-k ikasturteko aurreneko partidua jokatuko du Mojategin. Hitzordua zapatu arratsaldean izango da, 16:30ean hasita eta, bertan, Joseba Zabalak zuzendutako taldeak La Unicaren kontra neurtuko ditu indarrak.
Orain arte jokatutako lau partiduetatik hiru irabazita, sailkapeneko hirugarren postuan da konbinatu euskalduna, patrikan 15 puntu batu dituela. Aurretik Gipuzkoa Sortzen eta Gaztedi daude, 16 eta 22 punturekin, hurrenez hurren. Eta Geurea R.T.-ren jarraitzailerik gertukoena, hain justu ere, asteburu honetan aurrean edukiko duen aurkaria da: La Unica.
Nafarrek lau partiduetatik erdia irabazi dituzte, orotara 12 puntu batuz. Iruindarrek berdinketa batekin hasi zuten ikasturtea egungo bigarren sailkatu Gipuzkoa Sortzen taldeari egindako bisitan eta, handik astebetera, garaipen erosoa erdietsi zuten Hernaniren kontra. Txingudiren zelaian merezimendu osoz irabazi eta gero, azken jardunaldian amore eman zuten Gaztedi liderraren zelaian.
Mutilak Getxora
Neskek ez bezala, senior mailako mutilek etxetik kanpo jokatuko dute asteburu honetan, Faduran, hain justu ere. Julen Barrutiaren mutilek Getxori egingo diote bisita Euskal Ligako 1. mailako seigarren jardunaldiaren baitan, kasu honetan ere zapatuan, baina norgehiagoka 18:00etatik aurrera jokatuko da.
Iragan asteburuan Durangoren kontra Mojategin denboraldiko laugarren garaipena eskuratu eta gero, bigarren postuan da Kanpanzar Arrasate 18 punturekin, Atletiko San Sebastianekin berdinduta eta Elorrio liderretik lau puntura baino ez. Barrutiaren mutilek partidu bakarra galdu dute orain arte, Uni Bilbori egindako bisitan.
Nesken kasuan bezala, senior mailako mutilek ere gertuko jarraitzaile baten kontra neurtuko dituzte indarrak, 15 punturekin laugarren sailkatua baita Getxo. Bizkaitarrek bost partiduetatik hiru irabazi dituzte, eta bolada onean heltzen dira Kanpanzar Arrasateren kontrako lehiara, azken bi partiduetan -horietako bat arrasatearren borrero izandako Uni Bilboren kontra- nagusitu egin dira.
Kartelera
Senior mailako taldeek bezala, 18, 16 eta 14 urtez azpikoek ere zapatuan izango dute hitzordua. Lehenengoek Gaztediri egingo diote aurre Lakuan 10:00etan; bigarrenek Getxo hartuko dute Elorrion ordubete beranduago eta, azkenek, Zarautzen kontra neurtuko dituzte indarrak Lasarten, 13:45ean.
Ohi bezala, igandean Errugbi Eskolako neska-mutikoen txanda izango da, 10:30eatik aurrera asteroko entrenamendu saioa burutuko baitute Mojategin. Oraingo honetan ez dute Inklusiboko taldearen konpainiarik izango, honako hauek atseden jardunaldia izango baitute.

Ordezkaritza zabala Euskal Selekzioa
Iragan asteburuan kategoria ezberdinetako Euskal Selekzioko taldeek hitzordu ezberdinak izan zituzten CESA delako txapelketaren baitan, Selekzio Autonomikoen Espainiako Txapelketan, eta bertan Arrasate Errugbi Taldeak ordezkaritza zabala eduki zuen. Emakumezkoen 18 urtez azpikoetan Leah Moral izan zen eta, gizonezkoetan, Luken Ballesteros. 16 urtez azpikoetan ere pare bat ordezkari izan zituen klub zuri-moreak, Oinatz Otadui eta Markel Herranz, hain justu ere.