Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek bolada ezin hobean jarraitzen dute, eta zapatu arratsaldean Durangoren kontra Mojategin jokatutako norgehiagokan berriro ere nagusitu egin ziren. Julen Barrutiaren mutilek 25-22 hartu zuten mendean talde bizkaitarra eta, modu honetan, sailkapen buruko postuetan finkatu dira. Arrasatearrak bigarrenak dira une honetan 18 punturekin, Atletiko San Sebastianekin berdinduta eta Elorrio liderretik lau puntura baino ez.
Norgehiagoka parekatua espero zen Kanpanzar Arrasate eta Durangoren artean eta, oraingoan, aurreikuspenak bete egin ziren. Hala eta guztiz ere, norgehiagokari ezin hobeto ekin zioten etxekoek, 10. minutua igarota 10-0 baitziren aurretik Haritz Ezpeletaren entsegua eta Ibai Portalok zutoinen artera bidalitako baloi pareari -transformazioa eta zigor kolpea- esker.
Lehenengo zatia amaitzeko bost minuturen faltan, baina, Durangok markagailua berdindu egin zuen, kasu honetan ere entsegu eta zigor kolpe batez baliatuz. Azken hitza, baina, Kanpanzar Arrasatek eduki zuen, atsedenaldia ate-joka zela Joseba Santa Cristinak entsegua egin eta 15-10eko emaitzarekin joan baitziren aldageletara bi taldeak.
Partidu hasieran egin bezala, bigarren zatia hasi eta berehala Kanpanzar Arrasatek kolpe berri bat eman zuen, oraingo honetan Andoni Narbaizaren entsegua eta Portaloren transformazioarekin. Markagailuak 22-10 erakusten zuen eta etxekoek partidua bideratua zuten, eta zenbait minutuz eutsi zioten errentari. Minutuak aurrera egin ahala, baina, Durango estutzen hasi zen, eta bigarren zatiko ordu erdia bete baino lehen entsegua lortu zuen (22-17).
Azken minutuetan urduritasuna izan zen nagusi: 10 minuturen faltan Portalok arrasatearren errenta handitu egin zuen zutoinen artean bidalitako zigor kolpe berri baten bitartez eta, segidan, Durangok arratsaldeko hirugarren entsegua lortu zuen. 25-22koarekin dena zen posible oraindik baina, zorionez, sarrailagileak sendo aritu ziren arlo defentsiboan eta gai izan ziren errentari eutsi eta denboraldiko laugarren garaipena bermatzeko.