Durangoren bisitarekin berrekingo dio ligari Kanpanzar Arrasatek

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2025eko azaroaren 21a

Norgehiagoka Mojategin jokatuko da, zapatuan, 16:30ean hasita. Neskek atsedenaldia izango dute, eta Herensugeak Bordelera joango dira.

Astebeteko etenaldiaren ostean, Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek ligari berrekingo diote asteburu honetan. Euskal Ligako 1. mailako bosgarren jardunaldiaren baitan, Julen Barrutiaren mutilek Durango hartuko dute etxean. Hitzordua zapatuan izango da, 16:30ean hasita, eta bertan talde arrasatearrak orain arte izandako denboraldi hasiera onari jarraipena ematea bilatuko du.

Esan bezala, astebeteko atsedenaldiaren ostean bueltatzen da berdegunetara Kanpanzar Arrasate, azken partiduan, Uribealdeari egindako bisitan, 16-21 nagusitu eta gero. Barrutiaren mutilek liga hasiera honetan jokatutako lau partiduetatik bakarra galdu dute, Uni Bilboren zelaian jokatutakoa, eta bigarren sailkatuak dira 14 punturekin, Elorrio liderretik hiru puntura baino ez. Atzetik, puntu bakarrera, Atletiko San Sebastian dute.

Testuinguru honetan, Kanpanzar Arrasate faborito da zapatuko hitzordurako, ahalik eta gehiago zaleen hauspoa bidelagun izango dutela aintzat hartuta. Mojategi bisitatuko duen Durangok ikasturte hasiera gorabeheratsua izan du, jokatutako partiduen erdia baino ez baitu irabazi. Bizkaitarrak seigarrenak dira sailkapenean bederatzi punturekin, sailkapen burutik zein zulotik antzerako distantziara daudela.

Herensugeak Bordelera

Senior mailako mutilek bezala, beteranoen taldeak ere hitzordua izango du zapatuan, baina kasu honetan 16:00etatik aurrera. Herensugeak Bordelera joango dira eta, bertan, lagunarteko partidua jokatuko dute Archiball taldearen kontra. Igandean, berriz, Errugbi Eskola eta Inklusiboko neska-mutikoek asteroko entrenamendu saioa burutuko dute. Ohi bezala, hitzordua Mojategin izango da, 10:30ean hasita.

Leah Moral Euskal Selekzioarekin

Bestetik, 17 urtez azpiko emakumezkoen Euskal Selekzioak Valentzian jokatuko du zapatuan, CESA delako txapelketaren baitan -Selekzio Autonomikoen Espainikoa Txapelketa-, eta bertan Leah Moral arrasatearra izango da. Isabel Bergareche, Leire Muñoz eta Josu Zubiarrain hautatzaileen gidaritzapean, Euskal Selekzioak Valentziaren kontra neurtuko ditu indarrak goizeko 11:00etatik aurrera. Ez da lehenengo aldia Moralek euskal konbinatuaren deia jasotzen duela, honezkero zenbait entrenamendu eta partiduetan hartu baitu parte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak