Gaztedi liderraren kontra izandako estropezuaren ostean, bertan 10-19 galdu zuten, Arrasate Errugbi Taldeko neskak garaipenaren bidera itzuli dira asteburu honetan. Euskal Ligako 4. jardunaldiaren baitan Geurea R.T.-k Uni Bilbo hartu zuen etxean zapatu arratsaldean eta, San Roke errugbi zelaian jokatutako norgehiagokan, garaipen argia erdietsi zuen. Azken emaitza 52-15 izan zen etxekoen alde eta, modu honetan, konbinatu euskalduna sailkapen buruko taldeen artean finkatu da.
Joseba Zabalaren neskek berehala bideratu zuten partidua, 10. minutua bete baino lehen aurrea hartu baitzuten markagailuan Haizea Zabalaren entsegua eta Maddi Berrio-Otxoaren transformazioari esker. 7-0ekoak, baina, ez zuen luzaroan iraun, handik gutxia bilbotarrek entsegua egin eta aldea murriztu baitzuten (7-5).
Lehenengo zatian indarrak parekatuta egon ziren eta, horren adierazgarri, atsedenaldian markagailuak erakusten zuen emaitza: 26-15. Ordu laurdena bete baino lehen Udane Azkarragaurizarrek etxekoen bigarren entsegua lortu zuen eta, jarraian, bilbotarren erantzuna etorri zen (12-10). Ordu erdirako Zabalak bere kontu pertsonaleko bigarren tantoa lortu zuen, oraingo honetan ere Berrio-Otxoak transformazioan asmatuta.
Bazirudien atsedenaldira 19-10ekoarekin joan behar zirela bi taldeak baina, arauzko denbora amaitzeko bost minuturen faltan, Uni Bilbok aldea murriztu egin zuen (19-15). Azken hitza, baina, etxekoena izan zen, atsedenaldia ate-joka zela Paula Palaciosen entseguak -Berrio-Otxoaren transformazioarekin batera- 26-15ekoa ezarri zuen.
Lehenengo zatia joan-etorrikoa izan bazen, bigarrenean Geurea R.T. izan zen jaun eta jabe. Lehenengo 20 minutuetan beste bi entsegu egin zituzten etxekoek, Wude Zabarte eta Irene Dolararen eskutik, lehenengoaren transformazioak barne. 40-15ekoarekin garaipena bideratua zuten Zabalaren neskek, baina abantaila horrek etzuen euren gosea asetu. Aitzitik, norgehiagoka amaitu baino lehen beste bi entsegu lortu zituen konbinatu euskaldunak, Zabalaren hirugarrena eta Dolararen bigarrena, hain justu ere.
Gauzak horrela, norgehiagoka 52-15eko emaitzarekin amaitu zen. Garaipen honekin Gurea R.T. sailkapen buruko taldeen artean finkatu da, hirugarren baita sailkapenean 15 punturekin, Gaztedi liderretik bi puntura baino ez. 16 punturekin bigarren sailkatu Gipuzkoa Sortzen dago eta, atzetik, hamabina puntura berdinduta La Unica eta Uni Bilbo daude. Nafarren kontra, hain justu ere, neurtuko dituzte indarrak datorren astean Zabalaren neskek.