ARTko neskek Uni Bilboren bisita izango dute

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2025eko azaroaren 13a

Norgehiagoka Elorrioko San Roke errugbi zelaian jokatuko da, zapatuan, 12:00etan hasita. Senior mailako mutilek atsedenaldi jardunaldia izango dute.

Arrasate Errugbi Taldeko neskek hitzordu berri bat izango dute asteburu honetan, oraingo honetan San Roke errugbi zelaian. Elorrio eta Urgozorekin batera osatutako Geurea R.T.-k garaipenaren bidera itzultzea bilatuko du larunbatean, goizeko 12:00etatik aurrera, Uni Bilboren kontra jokatuko duen norgehiagokan. Partidu hau Emakumezkoen Euskal Ligako bosgarren jardunaldiaren baitan kokatzen da.

Denboraldiko aurreneko bi partiduetan aise nagusitu eta gero, Joseba Zabalaren neskei porrotaren zapore garratza dastatzea egokitu zitzaien iragan asteburuan, Zornotzan, Gaztediren kontra jokatutako neurketan 10-19 galdu eta gero. Gauzak horrela, eta talde gehienek baino partidu bat gutxiago jokatuta baldin badauka ere, konbinatu euskalduna bosgarrena da sailkapenean 10 punturekin, egungo lider Gazteditik zazpi puntura baino ez.

Neurketa parekatua aurreikusten da zapatu goizerako San Roken, Geurea R.T.-ko neskek aurrean izango duten aurkaria ere onenen artean kokatuta baitago. Uni Bilbok orain arte jokatutako lau partiduetatik erdia irabazi ditu, bi orotara, eta beste bat berdindu. Gauzak horrela, patrikan 12 puntu batu ditu orain arte, bigarren sailkatu La Unicarekin berdinduta dagoela.

Kartelera

Neskek ez bezala, senior mailako mutilek atsedenaldi jardunaldia izango dute asteburu honetan. Zapatuan, baina, beste hitzordu bat izango du Arrasate Errugbi Taldeak. 14 urtez azpikoek Iruñean jokatuko dute goizeko 10:00etan, La Unicaren kontra, hain justu ere. Igandean, berriz, Errugbi Eskolako neska-mutikoek Zarautzen izango den topaketan hartuko dute parte. Bertan, arrasatearrekin batera Hondarribi, Orereta, Hernani eta Errioxako jokalariak izango dira baita ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak