Kanpanzar Arrasateren garaipen garrantzitsua Mungian

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2025eko azaroaren 9a

Julen Barrutiaren mutilak 16-21 nagusitu ziren, zapatu arratsaldean, Uribealdearen zelaian. Arrasatearrak bigarrenak dira honezkero 14 punturekin, Elorrio liderretik hiru puntura baino ez.

Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek garaipen berri bat eskuratu dute asteburu honetan, denboraldiko hirugarrena, Mungian 16-21eko emaitzarekin nagusitu eta gero. Julen Barrutiaren mutilek Uribealdearen kontra neurtu zituzten indarrak zapatu arratsaldean eta, norgehiagoka parekatuaren ostean eta alde txikiagatik izan bazen ere, garipen garrantzitsua eskuratu zuten.

Norgehiagoka ez zen ondo hasi talde arrasatearrarentzat, bosgarren minuturako Uribealdea 5-0 baitzen aurretik. 10. minutua bete baino lehen, ordea, Portalok zigor kolpe baten bitartez baloia zutoinen artera bidali eta bizkaitarren errenta murriztu egin zuen (5-3). Lehenengo zatian zehar, baina, etxekoek beste pare bat zigor kolpe bidali zituzten zutoinen artera, eta beste entsegu bat egiteko gai izan ziren, baita ere.

Testuinguru honetan, eta arauzko denbora agortzear zela, bazirudien 16-3koarekin joango zirela atsedenaldira bi taldeak. Azken txanpan, ordea, Portalok beste baloi bat zutoinen artera bidali eta nolabaiteko hauspoa eman zion Kanpanzar Arrasateri aldageletarako bidea hartu baino lehen. Gauzak horrela, lehenengo zatia 16-6ko emaitzarekin amaitu zen.

Aldageletatik bueltan norgehiagokari buelta emateko asmoarekin zelairatu ziren Barrutiaren mutilak, eta baita lortu ere. Maren Jimenezen entsegua eta Portaloren transformazioaren bitartez zuri-moreak 16-13 jarri ziren. Norgehiagoka amaitzeko 10 minutu eskasen faltan Danel Zuazubiskarren entsegu batek 16-18 jarri zuen aurretik talde arrasatearra eta, azken txanpan, Portalok zigor kolpe bati ateratako etekinak behin betiko 16-21ekoa ezarri zuen markagailuan.

Lau jardunaldi jokatuta, garaipen honekin bigarren postuan jarri da Kanpanzar Arrasate, lortutako hiru garaipenek emandako 14 punturekin, egungo lider Elorriotik hiru puntura baino ez dagoela. Arrasatearren atzetik Atletiko San Sebastian dago 13rekin eta, 10na puntura berdinduta, Getxo eta Uni Bilbo daude. Datorren asteburuan ez da liga jardunaldirik izango baino, pare bat aste barru, Barrutiaren mutilek Durango hartuko dute etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak