Asteburu honetan Emakumezkoen Euskal Ligako laugarren jardunaldia jokatu da eta , honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko nesken partaidetza duen Geurea R.T.-ak amore eman behar izan du. Konbinatu euskaldunak Gaztedi hartu zuen etxean zapatu arratsaldean eta, Zornotzan jokatutako norgehiagokan, bisitariak nagusitu egin ziren 10-19ko emaitzaz.
Orain arte jokatutako bi partiduetan aise nagusituta heltzen ziren denboraldiko hirugarren hitzordura Geurea R.T.-ko neskak eta, zoritxarrez, hirugarrenean estropezu egin dute. Partidua berehala jarri zitzaion maldan gora konbinatu euskaldunari, bosgarren minuturako 0-7 baitzen aurretik Gaztedi. Ordu laurdena bete orduko, baina, Maialen Menaren entsegu batek markagailua berriro estutu egin zuen (5-7). Etxekoen pozak, ordea, etzuen luzaroan iraun, berehala Gaztedik arratsaldeko bigarren entsegua lortu eta 5-14koa ezarri baitzuen markagailuan. Horrekin konformatu ez, eta ordu erdia betetzear zela hirugarren entsegua lortu zuten gasteiztarrek. Gauzak horrela, 5-19ko errentarekin joan ziren atsedenaldira bisitariak.
Bigarren zatian markagailua iraultzeko asmoarekin zelairatu ziren Zabalaren neskak, baina nahi eta ezin ibili ziren. Arauzko denbora amaitzeko lau minuturen faltan eskuratu zuten saria etxekoek, Garazi Berrio-Otxoaren entseguaren bitartez. Ordurako, baina, beranduegi zen partiduari buelta emateko, eta 10-19ko emaitzarekin adierazi zuen neurketaren amaiera epaileak.
Denboraldiko aurreneko porrota jaso eta gero bosgarren postuan geratu da Geurea R.T., patrikan 10 puntu dituela.. Egungo liderra konbinatu euskaldunak asteburu honetan izan duen borreroa da, Gaztedi, 17 puntu dituela. Gasteiztarren atzetik, hamabina puntura berdinduta, La Unica eta Uni Bilbo daude. Datorren asteburuan Uni Bilbori egingo diote bisita, hain justu ere, Arrasate Errugbi Taldeko neskek.