Asteburu honetan Euskal Ligetako jardunaldi berri bat jokatuko da eta, oraingoan, Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako ekipoek hitzordu bikoitza izango dute, mutilek zein neskek salto egingo baitute berdegunera. Lehenengoak Mungian arituko dira, zapatuan, 16:00etan hasita. Bigarrenek, berriz, Gaztedi hartuko dute etxean, egun berean Zornotzako Larrea kiroldegian jokatuko den norgehiagokan.
Geurea R.T.-ko neskek -gogoratu beharra dago horrela deitzen dela ART-ko neskek Elorrio eta Urgozorekin batera osatu duten taldea- denboraldi hasiera ezin hobea eduki dute, orain arte jokatutako bi partiduetan aise nagusitu baitira. Iragan asteburuan lehenengo jardunaldian Hernaniren kontra bere garaian atzeratutako partidua jokatu zuten Landaren, 0-55 nagusituz. Bi aste lehenago, berriz, 83-0 hartu zuten mendean Txingudi San Roken, Elorrion.
Gauzak horrela, konbinatu euskalduna une honetan hirugarrena da sailkapenean 10 punturekin, Gaztedi liderretik hiru puntura baino ez, eta norgehiagoka bat gutxiago jokatuta, gainera. Eta gasteiztarren kontra, hain justu ere, neurtuko dituzte indarrak zapatu honetan (17:45), Zornotzan. Nagusituz gero, kategoriako lider berria izan daiteke Geurea R.T., betiere bigarren sailkatu La Unicaren baimenarekin, nafarrak bigarrenak baitira 12 punturekin.
Mutilak Mungian
Neskek ez bezala, mutilen taldeak etxetik kanpo jokatuko du, Mungian. Uribealdearen kontrako lehia ere zapatuan izango da, baina kasu honetan 16:00etan hasita. Julen Barrutiaren mutilek ere pozik egoteko moduko ikasturte hasiera izan dute, jokatutako hiru partiduetatik bi irabazi baitituzte. Uni Bilboren zelaian jokatutako norgehiagokan baino ez dute amorerik eman arrasatearrek; beste bietan, Gipuzkoa Sortzen eta Atletiko San Sebastianen aurkakoetan, garaipen erosoak erdietsi dituzte.
Testuinguru honetan, egungo bigarren sailkatua da Kanpanzar Arrasate, orain arte 10 puntu poltsikoratuta eta Elorrio liderretik bost puntutara dagoela. Atzetik Atletiko San Sebastian eta Uni Bilbo daude, bederatzina puntura berdinduta eta, puntu bat gutxiagorekin, bosgarren sailkatu Uribealdea dago, asteburu honetan aurrean edukiko duen aurkaria.
Arrasatearrek bezala, bizkaitarrek ere bi garaipen eskuratu dituzte orain arte, eta bonus puntuetan baino ez dago bi taldeen arteko aldea. Gauzak horrela, norgehiagoka parekatua aurreikusten da zapatu arratsalderako Atxurizubin, detaile txikietan erabakitzen den horietakoa. Testuinguru honetan, kontzentrazioa eta tentsioa neurketa osoan zehar mantentzea ezinbestekoa izango da garaipena erdiesteko.
Beste hitzorduak
Senior mailako taldekoekin batera, beste hitzordu bat izango da zapatuan, 16 urtez azpikoena, hain justu ere. Neskek bezala, honako hauek ere Gaztedi izango dute aurkari, baina 16:30eatik aurrera Mojategin jokatuko den neurketan. Leku berdinean, baina igande goizean (10:30), Errugbi Eskola eta inklusiboko neska-mutikoek asteroko entrenamendu saioa burutuko dute eta, honen ostean (12:30), 14 urtez azpikoek Atletiko San Sebastiani egingo diote aurre.