Arrasate Errugbi Taldeko neskek garipen berri bat eskuratu dute, denboraldiko bigarrena, orain dela pare bat aste Txingudi etxean mendean hartu eta gero. Joseba Zabalaren neskek, Elorrio eta Urgozokoekin batera, Hernaniri egin zioten bisita zapatuan, lehenengo jardunaldian atzeratutako partidua jokatzeko. Konbinatu euskaldunak erakustaldi berri bat eskaini zuen Landaren, eta merezimendu osoz nagusitu zen, 0-55ko emaitzarekin, hain justu ere.
Partidua berehala jarri zitzaien alde bisitariei, Nahia Goirienak bigarren minutuan lortutako entseguarekin. Geurea R.T.-ko neskak jaun eta jabe izan ziren lehenengo zatian zehar, eta atsedenaldira 0-36ko abantailarekin joan ziren, norgehiagoka erabat erabakita utzita.
Aldageletatik bueltan konbinatu euskaldunaren domeinuak bere horretan jarraitu zuen, eta entseguak bata bestearen atzetik etorri ziren. Hori gutxi balitz, Zabalaren neskak sendo aritu ziren arlo defentsiboan, eta Hernani ez zen kapaz izan entsegu bakar bat ere lortzeko. Testuinguru honetan, azken emaitza 0-55 izan zen Geurea R.T.-ren alde.
Partiduko protagonista nagusia Sandra Goiriena izan zen, lau entsegu eta hiru transformazio gauzatu baitzituen. Gainontzeko entseguak Garazi Berri-Otxoa, Eider Luengo, Alea Iracuis, Naroa Uribesalgo, Maddi Berri-Otxoa eta Ane Rinconenak izan ziren.
Garaipen honekin Geurea R.T. hirugarren sailkatua da honezkero 10 punturekin, gainontzeko ekipoek baino partidu bat gutxiago jokatuta. Lidergoan Gaztedi dago 13 punturekin, eta bigarren sailkatu La Unicak 12 dauzka. Konbinatu euskaldunaren atzetik Uni Bilbo eta Gipuzkoa Sortzen daude, zazpina puntura berdinduta. Datorren asteburuan sailkapenean aurrerapauso berri bat emateko aukera izango du konbinatu euskaldunak, Gaztedi hartuko baitu etxean.