Arrasate Errugbi Taldeko neskek Hernanin jokatuko dute

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2025eko urriaren 29a

Larunbatean, Landaren, 16:30eatik aurrera lehenengo jardunaldian atzeratutako partidua.

Iragan astean atsedenaldia izan eta gero, asteburu honetan liga txapelketari berrekingo diote Arrasate Errugbi Taldeko neskek. Euskal Ligak etenaldia badu ere, Joseba Zabalaren neskek estreinaldiko jardunaldian Hernaniren kontra atzeratutako partidua jokatuko dute. Hitzordua Landaren izango da, larunbatean, 16:30eatik aurrera.

Euskal Ligan honezkero orotara hiru jardunaldi jokatu badira ere, Arrasate Errugbi Taldeko neskek, Urgozo eta Elorriorekin batera, osatzen duten Geurea Rugby Taldeak partidu bakarra jokatu du orain arte, bigarren jardunaldikoa Txingundiren kontra. Hala eta guztiz ere, konbinatu euskaldunak ezin hobeto ekin dio 2025/2026 ikasturteari, aipatutako neurketan aise nagusitu baitzen, 83-0, hain justu ere.

Testuinguru honetan eta, esan bezala, partidu bakarra jokatuta, bosgarren sailkatua da Geurea Rugby Taldea bost punturekin. Zabalaren neskek larunbat honetan aurrean edukiko duten aurkaria oso bestelako egoeran dago, Hernanik liga hasiera negargarria izan baitu. Orain arte jokatutako bi partiduak galdu dituzte Landarekoek eta, ondorioz, sailkapen zuloan sartuta daude Durango eta Txingudirekin batera, puntuen kutxatxoa estreinatu barik dutela hirurek.

Gauzak horrela, faborito gisa joango dira Hernanira Geurea Rugby Taldeko neskak larunbat honetan. Landaretik garaipena ekarriz gero sailkapen buruko multzoan jarriko da konbinatu euskalduna. Lidergoan Gaztedi dago 13 punturekin eta, puntu bakarrera, bigarren sailkatu La Unica dago. Geurearen aurretik Uni Bilbo eta Gipuzkoa Sortzen daude, zazpina puntura berdinduta.

Beste hitzorduak

Neskek ez bezala, Arrasate Errugbi Taldeko ekipo gehienek atsedenaldia izango dute asteburu honetan, senior mailako mutilak barne. Asteburuko beste hitzordu bakarra Errugbi Eskolako neska-mutikoena izango da, Iruñean izango den topaketan hartuko baitute parte. Hitzordua igande goizean izango da, 10:30ean, eta bertan Txingudi, Orereta, La Unica eta Errioxa izango dira baita ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak