Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek denboraldiko bigarren garaipena eskuratu dute, zapatu arratsaldean, Aieten, Atletiko San Sebastianen kontra jokatutako norgehiagokan nagusitu eta gero. Julen Barrutiaren mutilek hasiera hasieratik bideratu zuten garaipena eta, zenbait unetan giroa pil-pilean egon bazen ere, azkenean 23-46 nagusitu ziren.
Partidua hasi eta berehala etxeko taldeak aurrea hartu zuen markagailuan, zutoinen artera bidalitako zigor kolpe baten bitartez. Bosgarren minutua bete orduko, baina, modu berdinean Maren Jimenezek markagailua berriro ere orekatu egin zuen. Ibai Irasuegiren entseguak aurretik jarri zuen Kanpanzar Arrasate -Jimenezen transformazioa barne-, eta Danel Argoitiarenak bisitarien errenta handitu egin zuen.
Gauzak horrela, lehenengo zatiko ordu erdia bete orduko 3-17 zen aurretik Kanpanzar Arrasate eta, une horretan, Atletiko San Sebastianek zigor kolpe berri bat bidali zuen zutoinen artera. Atsedenaldira joan aurretik, ordea, Ibai Irasuegik bere kontu pertsonaleko bigarrena eta arrasatearren hirugarrena lortu zuen, markagailuan 6-24koa ezarriz. Emaitza horrekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.
Bigarren zatia hasi eta berehala Manex Olabarriak Kanpanzar Arrasaterentzako laugarren entsegua lortu zuen, oraingo honetan David Klibaren transformazioarekin (6-31). Donostiarren erantzuna berehala iritsi zen, arratsaldeko euren lehenengo entseguarekin (11-31). Hiru minutu beranduago, baina, Manex Barrutiaren tantoa etorri zen.
Markagailuak 11-36 erakusten zuen eta, une horretan, partidua joan-etorrikoa zen, zorionez, Barrutiaren mutilen errenta erosoarekin. Testuinguru honetan, arauzko denbora amaitzeko ordu laurdenaren faltan etxekoek entsegu berri bat lortu zuten eta, aurrekoan bezala, Kanpanzar Arrasateren erantzuna berehala iritsi zen, Kliba Fernandezen entseguarekin (18-41).
Bigarren zatian partidua berotu egin zen, eta epaileak bina txartel hori eta gorri erakutsi zituen, arrasatearren kasuan, Manex Barrutia eta Unai Suinagari, hurrenez hurren. Zorionez, hori ez zen oztopo izan Kanpanzar Arrasatek garaipena eskuratzeko, azken txanpan Ibai Irasuegik bere kontu pertsonaleko hirugarren entsegua lortuta. Donostiarrek ere, partidua amaitu aurretik beste tanto bat lortu zuten, amaierako 23-46koa markagailuan ezarriz.