Asteburu honetan Euskal Ligako 1. mailako hirugarren jardunaldia jokatuko da eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilak Donostiara joango dira. Zapatuan, 16:30ean hasita, Julen Barrutiaren mutilek Atletiko San Sebastianen kontra neurtuko dituzte. Iragan asteburuan Bilbon porrota jaso osten, Aieten jokatuko den norgehiagokan talde arrasatearrak denboraldiko bigarren garaipena bilatuko du.
Bost punturekin laugarren sailkatua da Kanpanzar Arrasate, garaipen eta porrot banarekin. Estreinaldiko jardunaldian Julen Barrutiaren mutilak nagusitu egin ziren Gipuzkoa Sortzen taldearen kontran Mojategin jokatutako neurketan eta, esan bezala, pasa den astean oso parekatuta izan zen norgehiagokan amore eman behar izan zuten Uni Bilboren zelaian. Partiduko azken txanpan lortutako entseguak garaipena eman zien bilbotarrei.
Barrutiaren mutilek zapatuan aurrean edukiko duten aurkariak ezin hobeto hasi du ikasturtea, jokatutako bi partiduak irabazi baititu. Lehenengo jardunaldian aise garaitu zuen Gipuzkoa Sortzen etxean (39-7) eta, handik astebetera, garaipen berri bat ekarri zuen Baztanetik (17-28). Gauzak horrela, bigarren sailkatua da Atletiko San Sebastian 9 punturekin, Elorrio liderretik puntu bakarrera.
Kartelera
Mutilek ez bezala, senior mailako neskek atsedenaldi jardunaldia edukiko dute asteburu honetan. Zapatuan, berriz, seniorrekoekin batera beste hitzordu bat izango du Arrasate Errugbi Taldeak, 18 urtez azpikoena, hain justu ere. Goizeko 11:45eatik aurrera, Iruñean, La Unicaren kontra neurtuko dituzte indarrak.
Igandean galtzak bete lan izango ditu klub zuri-moreak, Errugbi Eskola eta Inklusiboko neska-mutikoen ohiko entrenamendu saioez gain (10:30ean Mojategin), beste bi partidu izango baitira. 14 urtez azpikoek hiruko txapelketa jokatuko dute Soraluzen 10:30ean hasita, Ordizia eta Zarautzekin batera. Ordu erdi beranduago, 11:00etan, 16 urtez azpikoek Gipuzkoa Sortzenen kontra neurtuko dituzte indarrak Unbeko errugbi zelaian, Eibarren.