Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek ezin izan dute denboraldiko bigarren garaipena eskuratu, Uni Bilboren zelaian jokatutako norgehiagokan 26-20 galdu eta gero. Arrasatearrak aurretik izan ziren markagailuan baina, partidua amaitzeko 10 minuturen faltan lortutako entseguari esker, etxekoak 26-20 nagusitu ziren azkenean.
Partidu hasiera ezin hobea eduki zuten Julen Barrutiaren mutilek, 10. minutua igaro orduko 0-12 baitziren aurretik markagailuan, Oihan Irasuegi eta Iraitz Arriaranek lortutako entseguak eta Ibai Portaloren transformazioari esker. Bilbotarren susperraldia berehala iritsi zen, lehenengo zatiko ordu erdirako bi entsegu egin eta, bi transformazioak gauzatuta, markagailua irauli egin baitzuten (14-12).
Arauzko denbora amaitzeko hiru minuturen faltan Uni Bilbok arratsaldeko hirugarren entsegua lortu zuen, 19-12koa ezarriz. Azken unean, baina, Ibai Portalok etekin ezin hobea atera zion epaileak adierazitako zigor kolpeari eta, baloia zutoinen artera bidalita, markagailua txukundu egin zuen aldageletarako bidea hartu aurretik. Gauzak horrela, 19-15eko emaitzarekin joan ziren atsedenaldira bi taldeak.
Lehenengo zatian bezala, bigarrenean ere Kanpanzar Arrasateren zelairatzea ezin hobea izan zen, baloia jokoan jarri eta berehala Maren Jimenezek zuri-moreen hirugarren entsegua lortu baitzuen, bisitariak markagailuan aurretik jarriz (19-20). Barrutiaren mutilek gogor borrokatu zuten bigarren zati osoan zehar gutxieneko errenta horri eusteko baina, zoritxarrez, norgehiagoka amaitzeko 10 minutu eskasen faltan Uni Bilbok entsegu berri bat egin eta amaierako 26-20koa ezarri zuen markagailuan.
Gogoratu beharra dago Uni Bilboren kontrakoa lehenengo jardunaldian atzeratutako partidua zela, beraz, bi jardunaldi jokatuta, laugarren da Kanpanzar Arrasate bost punturekin, garaipen eta porrot banarekin. Lidergoan Elorrio dago 10 punturekin, jokatutako bi partiduak irabazita. Bi garaipenekin ere Atletiko San Sebastian dago baina, kasu honetan, 9 punturekin. Hirugarren sailkatu Getxok sei puntu ditu eta, Kanpanzar Arrasaterekin bosna puntura berdinduta, Uni Bilbo eta Durango daude. Datorren asteburuan Atletiko San Sebastiani egingo diote bisita Barrutiaren mutilek.